Pastor
DARWIN ETA GU

Andorra eta euskara

2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Nekez irudikatzen ditut euskal enpresari batzuk Andorran bilera batean zarataka, Xavier Espot gobernuburua katalanez hitz egiten hasi delako. Katalunian ere ez. Hemengo agintariek euskaraz eginez gero, bai. Zergatik?

Iñigo Urkullu euskaraz mintzatu da enpresarien aurrean. Eta haiek eztulka hasi dira, euskarak birus gaizto bat izan eta arnas aparatua kaltetu balie bezala. Espainiako erregeari futbol kopa final batean hainbat ikuslek txistu egin ziotela ikusirik haserre erreakzionatu zuen Jose Maria Garcia kazetariak: «Nor da jende zital hau nire erregea iraintzeko?». Geure kasuan antzera mintza gintezke: «Nor da jende zital hau gure hizkuntza mespretxatzeko? Non da haien errespetua? Non tolerantzia eta hainbestetan aldarrikatzen dituzten balioak? Hain da handia euskarari dioten gorrotoa, non Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agerraldian marmarrean hasi behar baitute?».

Egia da: enpresari guztiek ez dute zaratarik egin. Izan ere, denak ez dira euskararen aurkakoak. Bada aldea Goierriko enpresa txiki baten jabearen eta Neguriko jauntxo edo andretxo baten artean. Euskarari buruz behintzat, bai —arlo sozialean diferentziarik ote dagoen beste eztabaida bat izango litzateke—. Hala ere, zerbaiten seinalea da gizabiderik eza.

Urkulluk bizi izandakoa ez da kasu bakarra izan. Juan Mari Aburtori ere antzeko zerbait gertatu zitzaion beste agerraldi batean. Ez, Bilboko alkatea ez zegoen Guadalajara edo Marsella-n mundu mailako udal bilera batean euskaraz egiten hasi zenean. Aburto Bizkaiko hiriburuan zegoen. Orduan ere marmarrean hasi ziren pertsona batzuk. Gure agintariek baimena eskatu beharko dute jendaurrean euskaraz egiten hasteko, inor minduko ote den beldur? Euskaraz soilik lehenengo hitzak edo esaldiak hedaturik ere haserretuko ote dira gure benetako unionista eta ustezko kosmopolitak?

Euskara ofiziala izatea nahi dugu. Espainiako Legebiltzarrean euskaraz egiteko modua dago jadanik. Ofizialtasuna Europako Batasunaren barruan lortzea espero dugu orain. Horretan ari garen bitartean Euskal Herrian sustraiturik omen dauden enpresariek burla egin diote hizkuntzari. Euskara zeremonia ofizial batean entzun dutelako, gorbata behar bezala janzten ez ei dakiten artaburuen baserri girotik kanpo.

Erasoak eta iseka jasanda ere, modu onean erantzunez eta hitz politak erabiliz jokatu behar dugu. Halaxe lortuko dugu dena. Ofizialtasuna ere bai. Horixe saltzen digute. Bada, ez. Estatu bat izan arte begi bistakoa da ez dugula benetako ofizialtasunik lortuko. Barre egingo digute aurpegira. Begira zer gertatzen ari zaion katalanari Europan. Vicent Partalek oso argi azaldu du Vilaweb-en: Europako Batasuneko zenbait estatu ez daude konforme katalana ofiziala izatearekin. Hala ere, Andorra bihar bertan EBren barruan sartuko balitz, katalana hizkuntza ofiziala izango litzateke Europan. Automatikoki. 80.000 biztanle besterik ez duen estatu bateko hizkuntza izan arren. Bitartean, eta hori inoiz gertatu arte, hamar milioi hiztun dituen eta lau estatutan mintzatzen den katalanak —Espainia, Frantzia, Italia eta Andorra— onarpenik gabe segituko du. Eta euskarak ere bai, zer esanik ez.

Gurean errotutako enpresari espainolista horiek ez lukete eztulik egingo Andorrako gobernuburuak katalanez egingo balu. Errespetua izango lukete. Zergatik? Xavier Espot estatu independente bateko agintaria delako. Iñigo Urkullu, aldiz, Espainiaren barruko autonomia erkidego bateko lehendakaria dugu. TVE-n eguraldiaren berri ematen dutenean oraindik región deitzen duten lurralde bateko politikaria, alegia. Hemen bi hizkuntza ofizial daudela jakin behar dela gogorarazi die lehendakariak enpresariei. Haiek argi dute erantzuna: «Baina derrigorrez jakin beharreko hizkuntza ofizial bakarra dugu: espainiera». Horrexegatik oldartu zaizkigu geure enpresariak, Espainiatik etorritakoak zein bertokoak. Ez da harritzekoa, baina. Kolono kuadrilla dira batzuk. Kolonizatu artaldea besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.