NEURRIEN LABIRINTOAN EZ GALTZEKO GAKOAK

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Azken egunetan iragarritako dekretu, foru agindu eta neurri sortek zalantza ugari sortu dituzte baimenduta dauden jardueren inguruan. Euskal Herria hiru eremu administratibotan banatuta egoteak are gehiago zaildu du auzia. Honako hauek dira galderarik ohikoenak:

Herritik ateratzerik badago?

Orokorrean, bai. Oraingoz, udalerritik ateratzea debekatzen duen legerik ez dago indarrean. Metatutako intzidentzia tasa altua duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, Eusko Jaurlaritzaren «gomendioa» da haietatik ez ateratzea eta ez sartzea, ez bada lanerako, ikasteko edo menpeko pertsona bat zaintzeko. Nafarroan, itxiera perimetrala ezarria dago. Hortaz, badago herri batetik bestera mugitzerik, baina ez herrialdetik kanpora. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, joan-etorriei ezarritako murrizketa bakarra da etxeratze behartuari dagokiona: 21:00etatik 06:00etara ezin da etxetik atera.

Tabernak itxita daude?

Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bai. Nafarroako Gobernuak ostalaritzaren itxiera ezarria du, salbuespen hauekin: eskoletako eta ospitaleetako jantokiak, jantoki sozialak eta etxerako zerbitzua dutenak. Iparraldean, ostatuak itxita daude, baina jatetxeak, zabalik, 21:00ak arte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostalaritza zabalik da gauerdira arte, eta edukiera %50era murriztuta, eremu gorriko herrietan izan ezik: haietan, 21:00etan dute ixteko ordua, eta ezin da barran kontsumitu.

Zenbat pertsona elkar daitezke?

Lurraldearen arabera. Nafarroan, sei pertsona elkar daitezke eremu publikoan nahiz pribatuetan, gehienez. Hala ere, gobernuak gomendioa egin du, azaroaren 4ra arte behintzat, «bilkurak bizikidetza unitateko pertsonen artekoak soilik» izan daitezen. Eusko Jaurlaritzak ezin izan du debekatu sei pertsona baino gehiago biltzea, auzitegiek atzera bota zutelako; hortaz, gomendatu egin dute halakoak ez egitea. Ipar Euskal Herrian ere gomendioa da gehienez seinaka elkartzea.

Kirola egin daiteke?

Gipuzkoako eta Bizkaiko eremu gorriko 25 udalerrietan, eten egin dituzte taldeko kirol jarduera guztiak, bai instalazio itxietakoak, bai irekitakoak, lehiaketa ofizialetakoak izan ezik. Hortaz, kirola bakarka egiten ahal da soilik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan, kirol federatu gabeak geratu dira bertan behera. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, adingabeen kirol federatua baimendua dago; helduena, berriz, debekatua. Nafarroako kirol instalazioetan, azkenik, edukiera %30era murriztu dute, eta joko zelaia edo pista ez diren gainerako espazioak itxi: dutxak, aldagelak, saunak eta abar. Taldekako jardueretan, gehienez sei pertsonako taldeek parte har dezakete, kirol profesionalean izan ezik, hori baimenduta baitago.

Zabalik al daude kultureta aisialdi eremuak?

Nafarroan, ikuskizun handietarako eta erabilera anitzeko guneak itxi dituzte. Museo, antzoki, zinema areto eta bestelakoetan, edukiera %30era murriztu dute. Eusko Jaurlaritzak, berriz, %50era murriztu du kultur jardueren edukiera. Ipar Euskal Herrian, kultur ekitaldiak antola daitezke, hiru baldintzarekin: gehienez mila ikusle hartzea, maskara etengabe jantzita izatea, eta pertsonen arteko distantzia bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.