Teknologiarik ez giza zientziarik gabe

Maria Angeles Salle doktoreak zientziaren eta teknologiaren arloko genero arrakalak aztertu ditu. Sexuaren arabera banatuta daude lan eremuak: emakumeek subjektuei dagozkienak landu ohi dituzte, eta gizonek, berriz, objektuei dagozkienak.

Maria Angeles Salle doktorea berdintasunari eta zientziari buruzko biltzarrean, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Emakume mordoa dago zientzia arloan lanean, baina ez hainbertze teknologiaren sektorean. Hori argi du Maria Angeles Salle Gizarte Zientzietan doktore eta garapen sozioekonomikoan, berdintasunean eta gizarte digitaleko politika publikoetan adituak. Emakundek atzo Donostian antolatutako Berdintasuna, zientzia eta teknologia biltzarreko lehenbiziko solasaldian egin zituen adierazpen horiek, Zientzia, teknologia eta berrikuntza berdintasunean, berdintasunez eta berdintasunerako: txipa aldatu behar da izenburupean. Eta galdera bat egin zuen: «Mundu honek alde batera utz dezake talentu kualifikatuaren erdia baino gehiago?».

Zientziaren eta teknologiaren arloan ere sexuaren arabera banatuta daude lan eremuak, Sallek azaldu zuenez. Emakume gehienek subjektuei dagozkien lanetan dihardute: bioteknologian, biokimikan eta medikuntzan, adibidez; objektuekin lotutako alorretan, berriz, gizonak dira nagusi, eta horiek biltzen dituzte, hain justu, aurrerapen gehien. «Argi izan behar dugu: objektu bat ez da ezer subjekturik gabe». Hau da, «arriskutsua» suerta daiteke teknologia garatzea giza zientziak eta horiek ezagutzen dituzten adituak hein handi batean, emakumeak kontuan hartu gabe.

Sallek nabarmendu zuen zientziaren eta teknologiaren «ekosistema bera» dela arazoa, eta egitura hori berdintasunerantz begira jarri behar dela: «Aldaketak aldebikoa izan behar du; sistema aldatzea ezinbestekoa da. Karga guztia ez dute emakumeek izan behar». Alor horretako genero arrakalak, beraz, ezin dira testuingururik gabe aztertu: «Sistemikoa da, gizarte osoak eragin du egoera hori». Izan ere, gaztetatik neskek ikasketetan maila askoz hobea badute ere, alor teknologikoetako ikasketak ez zaizkie erakargarriak iruditzen: giza zientzietatik urruntzen dituelako, pentsatzen dutelako baldintza kaskarragoak izanen dituztela, edo uste dutelako beren helburuak alde batera utzi beharko dituztela sektore horretan lehiakorrak izateko.

Ikasketa zehatzagoak hautatzeko orduan teknologia arloko ikasketak hautatzen dituzten neska gehienek erreferenteren bat izan ohi dute familian, gainera. Hala, objektu-subjektu segregazio horren arrazoietako bat gogoratu zuen Sallek: «Objektuei dagokien teknologiaren arloan, erreferenteak eta ikusgaitasuna falta dira». Hortaz, azpimarratu zuen jada sektorean daudenak bertan irautea lortu behar dela «talentu berriak» erakartzeko. Eta zientzia eta teknologia arloetatik at, giza zientzietan lan egiten duten emakumeak ere ahaldundu behar direla.

Erabakiguneetatik at

Sistemak berak bultzatuta, beraz, etorkizuna erabakitzen den guneetatik kanpo gelditu ohi dira emakumezkoak: «Bizi dugun bazterketa onartezina da». Izan ere, nahiz eta zenbait adituk erraten duten emakumeek ez dutela erabakiguneetan egon nahi, Sallek argi utzi zuen hori ez dela horrela, eta, gainera, anitz dutela errateko.

Horri lotuta, emakumeek maizago pairatu ohi dute «iruzurgilearen sindromea» gizonek baino: bikaintasuna nahi izaten dute une oro, eta pentsatzen dute ez dutela behar bertze lan egiten.«Huts bat egiten badute, emakumeek pentsatzen dute ez dutela balio, eta arrakasta badute, uste dute zortea izan dutela. Lan inguruneak aldatu behar direla pentsatu ordez, iruzurgilearen sindromeak gure begirada emakumeengan jartzen du», borobildu zuen.

Emakumeek, beraz, lan gehiago egin behar izaten dute, lan arloan ere batik bat haien esku gelditzen baitira zaintza lan gehienak. Bekadunei harrera egitea, lantaldeko kideen arteko gatazkak konpontzea eta akta jasotzea, adibidez, haiei egokitzen zaie. «Lan ikusezin horiek ez dira aitortzen, baina ikerketek diote emakumeen lanaldian hilabete hartzen dutela», erran zuen Sallek. Egoera hori konpondu beharra dagoela adierazi zuen, eta zientziaren eta teknologiaren arloan eraiki behar den ekosistema berrian berdintasuna txertatu behar dela, «ahal bezain azkar».

«Paradigma aldaketa»

Marko aldaketa hori izan zuen hizpide Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Paradigma aldatu behar da, berdintasuna modu sistematikoan txertatzeko». Hark eman zion hasiera biltzarrari, eta azpimarratu zuen «berdintasuna azkarrago lortzeko» nazioarteko ekinaldiekin lerrokatuta dagoela «Euskadi». Hala, haren gobernuaren helburua izanen da datorren belaunaldia «berdintasunaren belaunaldia» izatea.

Biltzarra atzo hasi zen, bainahainbat jarduera izanen dira gaur goizean ere. Solasaldi bat eginen dute lehenik: Zientzia eta teknologia berdintasun agendan; eta bi mahai inguru gero: Genero ikuspegia ikerketan txertatzea eta Emakumeen aurkako indarkeria eremu digitalean. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak itxiko du biltzarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.