Lekuko baino gehiago

Atletismoko lehen txapelketa handia jokatuko dute pandemia betean: Pista Estaliko Europako Txapelketa, Torunen, Polonian, bihartik igandera. Bi euskal herritar ariko dira, biak 60 metroko hesidunetako proban: Asier Martinez eta Teresa Errandonea.

Asier Martinez eta Teresa Errandonea, ahalegin betean. KIKO HUESCA / EFE-RFEA.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Betea zetorren 2020a atletismoan: Pista Estaliko Munduko Txapelketa, Olinpiar Jokoak, Europako Txapelketa... Baina koronabirusaren pandemiak hustu egin zuen ia erabat. Tanta batzuk besterik ez zituen utzi.

Urtebete pasatu da, eta atletismoa pixkanaka burua altxatzen ari da, eta ohiko egutegia berreskuratzen. Horren erakusle da urtebeteko etenaldia izan ondoren, nazioarteko aurreneko txapelketa handia jokatuko dela bihartik igandera bitartean: Pista Estaliko Europako Txapelketa, Torunen (Polonia).

Bi euskal atleta ariko dira nazioarteko txapelketen itzuleran; Espainiarekin eta 60 metroko hesidunetan biak ala biak: Asier Martinez (Iruñea, 2000) eta Teresa Errandonea (Irun, Gipuzkoa, 1994). Larunbatean lehiatuko dira biak: 12:10ean du lehen kanporaketa Errandoneak, eta 13:05ean Martinezek. Sailkatzen badira, finalerdietan ariko dira igandean: 13:05ean Martinez, eta 13:30ean Errandonea. Arratsaldean jokatuko da finala: 17:00etan Martinezek, eta 17:15ean Errandoneak.

Abiada bizian iritsi da Martinez Torunera. Denboraldi ikusgarria egin du. Bere markari kosk eta kosk eginez ibili da. Hamazazpi ehunen ondu du: 7,78tik 7,61era. Lekutan utzi ditu proba horretako inoizko euskal atletarik onenak. Hona datu bat egin duenaren balioa neurtzeko: mundu osoan hamalau atletak soilik egin dute harena baino marka hobea aurten, eta Europako Txapelketan ariko direnen artean, bostek baino ez.

Ez da harritzekoa «oso-oso pozik» egotea. «Lan handia egin dugu Françoisek eta biok [Beoringyan, haren entrenatzailea], eta, zorionez, lan hori emaitzetan islatu da gero. Beti ez da hala izaten. Denboraldi bikaina egin dugu. Ez dut kexa bakar bat ere. Ezin hobeto atera zaigu dena».

«Buruko lana» azpimarratu du horren lan ona egin izanaren arrazoiaz galdetuta. «Aldatu egin dut lasterketei aurre egiteko jarrera, baita neure burua ikusteko era ere. Aldaketa horiei esker, lortu dut entrenamenduetan ateratzen zena lehian ere irtetea. Orain, konfiantza handiagoa dut neure buruarengan, eta kalte egin diezadakeen presioa bazter batean uzten ikasi dut. Lasaiago hartzen ditut lasterketak, alboetan ditudan arerioei erreparatu gabe. Nire lana ahal den ondoen egiteak bakarrik axola dit. Eta agerikoa da horrela jardutea mesede egiten ari zaidala. Emaitzak hortxe daude».

Hala ere, aitortu du beretzat ere «ezustekoa» izan dela horren azkar korri egitea. «Ez nuen espero, inondik inora, eta oraindik lanak ditut sinesteko zenbat hobetu dudan nire marka. Bertigoa ematen dit nire izena horren atleta azkarren artean ikusteak. Baina saiatzen ari naiz horrek kalte egin beharrean mesede egin diezadan».

Ez dio bere buruari «behar baino presio gehiago» sartu nahi Europako Txapelketan: «Egunez egun joan nahi dut, lasterketaz lasterketa». Baina lehiakorra da oso, eta berehala eman du bere asmoen berri. «Nire lana egiten badut, finalean aritzeko aukera izan dezaket». Anbizioa bai, baina tamainan, beti oinak lurretik altxatu gabe. «Sekulako maila dago Europako Txapelketan, eta atleta asko gaude ehunen gutxitan». Haiekin «nor baino nor gehiago aritzeko prest» ikusten du bere burua. «Sasoiz, buruz eta teknikaz inoiz baino hobeto nago. Oso garai onean harrapatuko nau txapelketa honek».

Irteerarekin kezkatuta

Bide zuzena egin du Martinezek. Errandoneak, ordea, nahi baino «gorabehera» gehiago izan ditu. «Ez dut gelditu behar izan, baina min txiki asko izan ditut, eta egokitzen aritu behar izan dugu». Aldea dago iazkoarekin konparatuta: «Sasoi perfektua izan zen pista estalian: ez nuen minik izan, eta oso ondo lehiatu nintzen beti, oso azkar. Nire markarik onena egin nuen: zortzi segundo. Baina ez da normala denboraldi hain biribila egitea». Sei ehunen mantsoagoa izan da sasoi honetan, baina «sinetsita» dago «azkarrago» korri dezakeela. «Inoiz baino hobeto nago. Ea barruan dudana ateratzen dudan, aurtengoagatik eta iazkoagatik». Barru-barrutik atera zaio iazkoaren arantza, Pista Estaliko Munduko Txapelketan aritzekoa baitzen. «Pena» du, baina «pozik» dago urtebete geroago atletismoa «lehengora» itzultzen ari delako.

Gutxienez, finalerdietara iritsi nahi du Torunen. «Kolpea litzateke lehen kanporaketa ez pasatzea. Nire markarik onena hobetu nahi dut. Uste dut aukera izan dezakedala, Europako Txapelketan oso azkar egiten baita korri». Horretarako «oso kontzentratuta» aritu beharko duela azpimarratu du. «Ezin dut huts txikiena ere egin. Bestela, garesti ordainduko dut. Zoritxarrez, argi geratu zait hori denboraldi honetan».

Irteeraz ari da. «Buruhauste» izan du denboraldi honetan. Bitan kaleratu dute araudiak dioena baino lehenago irteteagatik: lehena, Karlsruhen (Alemania), Munduko Zirkuituan; bigarrena, Madrilen, Espainiako Txapelketan. Ez du aitzakia gisa erabili nahi, baina araudia aldatu behar dela dio. «Nik ez dut arriskatzen. Pistolaren hotsa entzun eta berehala irteten naiz, ez lehenago. Azkar erreakzionatzeko gaitasuna dut. Araudiak dio hamarren bat itxaron behar dugula, baina arau hori aspaldikoa da, eta aldatu beharra dago, egun atleta asko oso azkar irteteko gai baikara. Beste arau batzuk aldatu badira, zergatik ez hau?». Aitortu du «ezinegon» horrek «kalte» egiten diola. «Ez naiz lehen bezain azkar ateratzen. Beldur pixka bat dut. Ea kezka hori atzean uzten dudan. Bestelakoan, oso ondo nago, oso azkar korri egiteko moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.