Ereindakoaren fruitua

Iñaki Artolak eta Ander Imazek ondo ekin diote Binakako Txapelketari, lehen partida irabazita. Atzelari oiartzuarra ondo aritu da. «Lana gogor egin izanaren ondorio» dela dio.

Julen Etxeberria.
Oiartzun
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Oiartzungo (Gipuzkoa) Madalensoro pilotalekuan jarri du hitzordua Ander Imazek (Oiartzun, 1994); «nire beste etxea da», aitortu du. Gazte kuadrilla bat du inguruan. Haien entrenatzaile da herriko pilota eskolan, Oiarpen. Guztiek zoriondu dute, eta guztiei esker oneko irribarre batekin erantzun die. Satisfazioaren irribarrea ere bada, lana ondo egin izanaren irribarrea. Berak eta Iñaki Artolak 22-18 irabazi zieten astelehenean Unai Lasori eta Jon Ander Albisuri Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren, Binakako Txapelketako lehen ligaxkako aurreneko jardunaldiko neurketan. «Txapelketa hasteko modurik onena da lehen partida irabaztea, eta gainera, ondo aritu ginen. Konfiantza emango digu».

Denak bat datoz: Imazek oso lan ona egin zuen. Estatistikek ere horixe diote: huts bakarra egin zuen. Gogoan du zein. «15-18koa. Ez nuen eraman Lasoren sakea». Ez zuen ondoriorik izan. Aitzitik, Laso-Albisuk egindako azken tantoa izan zen. Artola-Imazek egin zituzten hurrengo zazpiak. «Egoera zaila zen, baina pilota berri bat atera genuen, bizia, eta Iñakik min handia egin zuen».

«Ondo» ikusi zuen bere burua, «konfiantzarekin». Bazuen beldur «pixka bat», hilabete egon baita geldirik, hagineko minez. Baina azkar uxatu zituen kezka guztiak, eta «gustura» aritu zen pilotan. Denbora darama sentipen berarekin. «Uda nahiko ona izan zen. Partida asko jokatu nituen, eta horrek mesede egin dit, konfiantza hartzeko». Uda «nahiko ona» izan zela dio. Emaitzei erreparatu besterik ez dago: Oinatz Bengoetxearekin, txapeldun izan zen Andre Maria Zuriaren ferian, eta txapeldunorde sanferminetan; Artolarekin, txapeldunorde Donostiako Aste Nagusiko ferian; Iker Irribarriarekin, txapeldunorde Elgoibarren (Gipuzkoa); eta Jokin Altunarekin, txapeldunorde sanmateoetan.

Halako emaitzak lortuta, Binakakoan aritzeko merituak egin zituen. «Badaezpada», ez zuen ezer egintzat jo, «kolperik» ez jasotzeko. «Nire urterik onenetako bat izan da, eta banuen esperantza Binakakoan toki bat izateko».

Gustuko bikotekidea

Ondo hartu zuen enpresak Artola jartzea bikotekide. «Adin berekoak gara, txikitatik ezagutzen dugu elkar, eta makina bat aldiz jokatu dugu elkarrekin eta elkarren aurka. Ondo moldatzen gara». Hain zuzen ere, Alegiakoa (Gipuzkoa) izan zuen alboan Lehen Mailako Binakakoan aritu zen lehen aldian. 2016ko martxoaren 13an izan zen, debuta egin eta hiru hilabete eskasera. Albisu ordezkatu zuen finalerdietako ligaxkako aurreneko partidan, Donostian. «Ordutik biok egin dugu gora, eta hori seinale ona da».

Hiru urte eta zortzi hilabete joan dira lehen partida horretatik, eta Imaz ia beti egon da present Binakakoan. 42 partida jokatu ditu: hemeretzi irabazi ditu, eta 23 galdu. Enpresako atzelari nagusiekin aritu da, Mikel Urrutikoetxea, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxearekin, hurrenez hurren. Iaz Olaizola II.arekin finalaren atarian geratu izana du emaitzarik onena. Guztiengandik ikasi du «Sekulako aukera izan da haiekin aritzea, eta haiengandik ikastea, enpresako aurrelaririk onenak baitira hirurak. Hobetzeko eta hazteko balio izan dit haiek ondoan izateak».

Irakasle bikainak izan ditu, baina berak ere jarri du berea. «Hona iristeko gogor lan egin beharra dago nahi eta nahi ez. Nik ordu pila bat sartu ditut profesional izateko, baina hona iritsita, ezin naiz lasaitu. Jo eta ke lanean segitu beharra dut». Ezker eskuarekin egin du lan gehien, eskuina deskuidatu gabe. Fisikoa ere landu du, eta bospasei kilo hartu ditu. «Mesede egiten didate atzean aritzeko».

Ez berak, ezta Artolak ere ez diote jarri beren buruari epe luzerako helbururik. «Oso txapelketa luzea eta gogorra da, eta denok egon nahi dugu gutxienez finalerdietan. Badaude kolpez gu baino indartsuagoak diren bikoteak, baina gu beti lehiakor izaten saiatuko gara. Presiorik ez dugu. Partidaz partida joan nahi dugu».

Bada, lehia benetan zaila dute igandean, Sorian (Espainia), Olaizola II.a-Urrutikoetxearen aurka. Azaldu duenez, «neurketa zaila bezain berezia» izango da. «Oso partida polita da. Aurreko astean elkarrekin entrenatu ginen, eta egurra eman ziguten. Ea igandean lanak ematen dizkiegun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.