Baionako bestak

Musikaren zarataz eta lekuaz gudukan

Bozgorailuak paretetan zintzilik, taberna barneetan bakoitzak bere musika, kanpoan txarangak, urrunago kontzertuak eta lagun talde bat kantuz... Musika alderdi guztietan da Baionan, eta hainbat desadostasun sortzen ditu horrek.

Besteak beste, txarangen doinuak entzun daitezke egun hauetan Baionako karriketan. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Michel Sardou, Jean-Jacques Goldman, Johnny Halliday, Claude Francois... Garai bateko frantses kantariak omendu behar balira bezala, gizon horien bozen oihartzunak betetzen du Baiona joan den asteazkenetik geroz. Udako kantuak ere hor daude, AEBetako kantariei begi kliska eginez. Adi egonez gero, euskal musika entzun daiteke, batzuetan.

Lehen musika desberdin gehiegi zirela eta kohesio bat lortzeko xedez, aurten musika bera entzuten da Baiona Ttipiko karrika guztietan. Hala, Bakera ostatu gainetik igortzen dute musika hamazazpi tabernatara. Fabrice Jacques DJa da musika hautatzen ari. Badira lau urte Euskal Herrira etorria dela, eta lehen aldia du Baionako bestetan. «Kasualitatez» proposatu diote lan hori, eta esperientzia polita dela uste du: «Saiatzen naiz estilo guztietarik ezartzen, baina badakit ezin dela denen gustukoa izan». Jacquesek erran du lan zaila dela, publikoa ez baitu ikusten; hortaz, harreman falta sendi du. Gainera, oroitarazi du denei pentsatu behar duela: «Haurrak, gazteak, zaharrak, turistak, bertakoak...». Musika komertzialari leku «handia» uzten diola aitortu du, «aire batzuk beti funtzionatzen baitute; Trois Cafes Fourmands taldea, adibidez, denek maite dute!». Frantses musika ainitz pasatzen duela azpimarratu du, baina ez hori bakarrik, «munduko musika ere bai». Euskal musikari dagokionez, lekua uzten saiatzen dela gehitu du. Hala, badaki egiten duen musika hautaketak eragin «handia» duela.

Pannecau karrikaren puntan, berriz, beste DJ bat ari da lanean, Mikel Fernandez: «Hemendik lau tabernatara igortzen dugu musika». Estilo «biziki ezberdinak» hautatzen dituela azaldu du; diskoa, salsa, reggeatona, soula... «gure hautaketak besta egiteko gogoa eman behar du». Proposatzen duen musikatik ehuneko hamar euskal musika dela erran du; «klasiko batzuk jartzen ditugu».

Musikari mutuak

Bozgorailuak ozen ari dira karriketan, baina txarangak eta musika taldeak ere hor daude. Egunero ari dira Uztaritzeko txistulariak, ostatuz ostatu, karriketan ibilki, «euskal errepertorioa» jotzen. Bonboa eskuan, Miguel Etxeberri haiekin ari da musikan: «Beharrik hor gaudela. Egia errateko, nik ez dut batere maite pasatzen duten musika; ez naiz batere mota horretakoa, ez da ene estiloa». Hark maite duena kontzertuen entzutea da, musikariak ikustea, horrek ematen dielako zor zaien «garrantzia».

Bestetan DJak ikustea normala bilakatua dela uste du Etxeberrik; alta, uste du ez dela beti landua: «Batzuek Play ezartzen dute, eta horretan bukatzen da afera». Etxeberrik argi du musikariei leku gehiago utzi behar litzaiekeela bestetan: «Giroa arrunt aldatzen baitu, bizia ekarriz, baita jendeen ikusmoldea aldatuz ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.