Itxialdia pizgarri, Internet gordailu

Konfinamenduan sortutako artelanak aletuz sortu dute Covid artearen museoa. Irene Llorca, Emma Calvo eta Jose Guerrero publizistak dira museo digitalaren arduradunak, eta Instagramen plazaratzen dituzte mundu osoko artisten lanak.

Gilles Tytgat sortzailearen artelana The Covid Art Museum Instagrameko kontuan dago ikusgai. GILLES TYTGAT.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun

Komuneko papera. Maskara. Urruntze soziala. Telelana. Birusa. Konfinamendua. Luzea da azkenaldian bolo-bolo dabiltzan hitzen zerrenda; errealitate berria deskribatzeko kontzeptu berriak hedatu dira, edo, bestela, hitz batzuen esanahia birformulatu egin da. Egunerokotasun berriak bide ugari zabaldu ditu, eta askok probetxua atera diote larrialdi egoerari. Artistak, kasurako, ez dira geldirik paratu. Bizitzen ari diren egoera margolari, argazkilari zein ilustratzaile askoren inspirazio iturri izaten ari da. Nork bere erara, sortzeko baliatzen ari dira koronabirusaren pandemia. Berehala ohartu ziren horretaz Irene Llorca, Emma Calvo eta Jose Guerrero. Publizitatean lan egiten dute hirurek, Bartzelonan, eta martxotik Covid artearen museo birtualaren arduradunak ere badira.

Instagram bidez munduko txoko guztietako artisten lanak jaso, sailkatu eta hedatzen dituzte. Artelanen jatorriak, estiloak eta euskarriak, baina, denak sortu dira baldintza beretan: konfinamenduan. «Helburua da etxean itxita gauden garai honetan sortu diren lanen artxibo digital erraldoi bat osatzea», azaldu du Llorcak.

Martxoaren 19an argitaratu zuten lehen artelana CAM The Covid Art Museu Instagram kontuan, eta egun 300dik gora artelan plazaratu dituzte. Gordailua osatzeaz gain, artisten arteko harremanak ere sustatu nahi dituzte, etorkizunean sortzaileen arteko kolaborazioak ahalbidetzeko asmoz. «Artista hauen lanari ikusgarritasuna eman nahi diogu; dagoeneko bi sortzailek lan eskaintzak jaso dituzte museoan jarritako lanei esker, eta horrek izugarri poztu gaitu».

Gai orokorra kasu guztietan da COVID-19aren pandemiak sortutako egoera, baina artista bakoitzak bere modura begiratzen dio panoramari. Denak dira errealitate beraren isla, eta, era berean, denak dira ezberdin. Hala uste du Llorcak: «Batzuk oso baikorrak dira, beste askok bizi dugun isolamendua irudikatzen dute eta badira artelan klasikoen bertsio ugari ere». Elementu batzuk etengabe errepikatzen dira: maskarak, komuneko papera, eskularruak, leihoak, balkoiak... Llorcak nabari du konfinamendua luzatu ahala, artelanen joera aldatu egin dela. «Hasieran, esango nuke, umoretsuagoak zirela, arinagoak, ez hain gordinak; denbora pasatu ahala, beste mezu batzuk azaleratzen hasi dira: elkartasunaren garrantzia, bakardadea, faltan ditugun gauzak, urruntze soziala...». Aurrerantzean ere, konfinamendua arinduz doan heinean, agertoki berriak zabalduko dira, eta baliteke artistak bide berriak urratzen hastea. «Jakin-mina dugu, ea zer-nolako bilakaera duten sortzaileen lan berriek».

Margolanak, argazkiak, bideoak, ilustrazioak... arte diziplina ezberdinak biltzen ditu museoak, ideia beraren bueltan: «Inguratzen gaituen errealitate berriaren isla dira, eta etorkizunean nahi duenak ikusi ahal izango du artistek nola irudikatu zuten garai hau».

Proiektua haziz joan da. Hasieran 30 artelan inguru jasotzen zituzten egunero arduradunek; orain, berriz, 500 proposamen baino gehiago biltzen dituzte egunean. Artelanak sailkatu eta aukeratzeko prozedura bat jarri dute martxan museoaren sustatzaileek. «Txandaka, gutako bakoitza bizpahiru egun jarraian arduratzen da heltzen diren lanak jaso eta lehen aukeraketa egiteaz. Ondoren, hiruron artean eztabaidatzen dugu, funtsezkoa da hirurok ados egotea».

Hasieran egunean bederatzi artelan inguru argitaratzen zituzten, eta apurka kopurua murriztuz joan dira. «Kalitateari» arreta gehiago jarri nahi diote. «Egunean artelan gutxiago jartzen ditugu, eta saiatzen gara ordena bat ezartzen; irudien koloreei atentzio handiagoa jartzen, errepikakorrak ez izaten...».

Formatu fisikora salto

Museo digitala martxoan jarri zuten martxan, eta ikusteko dago noiz bukatuko den bere bidea. Llorcak argi dauka ezinezkoa dela amaiera data zehaztea: «Konfinamenduak dirauen bitartean guk artelanak argitaratzen jarraituko dugu». Noiz ez dakite, nola bai, ordea. Artelan guztien erakusketa fisikoa eginez itxi nahi dute proiektua. «Ideia da etxe barruan egin diren artelan guztiak espazio zabalago baten erakustea, publikoak lanak tamaina handian bertatik bertara ikusi eta korridoreetatik ibiltzeko aukera izan dezala».

Bitartean, Instagrameko kontua elikatzen segitzea eta webgune bat sortzea da asmoa. Era horretan, apurka ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi dute. Llorcak proiektuaren onurak azpimarratu ditu; uste du artea sortzea edo ikustea terapia ona izan daitekeela. «Museoa pandemia ahazteko modu bat da, ihes egiteko era bat, eta ezbehar honen alderdi positiboaren erakusleihoa». 2020ko pandemiaren argazki orokorra izan nahi du museoak, konfinatuta bizi zen gizartearen memoria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.