Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 41 pertsona hil ziren iragan astean gaitzak jota

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Abuztuaren 24tik 30erako asteko txostenak argitaratu dituzte Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun sailek, eta, horietan jasotzen denaren arabera, gaitza zuten 41 pertsona zendu ziren denbora tarte horretan Hego Euskal Herrian. Kopuru handia da, aurreko astean hil zirenak halako bi dira ia: abuztuaren 17tik 23ra, gaitza zuten 25 pertsona hil ziren. Hil ziren unean COVID-19an positibo eman zuten pertsonak sartzen dituzte zenbaketa horren barruan, baina Jaurlaritzak beste bereizketa bat ere egiten du: horietatik 27 gaitzaren ondorio zuzenengatik zendu ziren. Gainera, azken orduetan bi hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan eta Gipuzkoan.

Ā«Egonkortze zantzuakĀ» ikusten ditu Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak egunotako kutsatzeen datuetan. Azken orduetan, 680 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian eginiko 10.505 probetan. Bezperan baino gehiago izan dira, baina, aurreko aste amaierako datuen aldean, apaldu egin dira. Positiboen portzentajea ere jaitsi egin da: egin diren proben artean %6,4 izan dira positiboak. Intzidentziak jaisten ari direla dirudien arren, joera aldaketa bat izan dela adierazteko goizegi dela esan du Murgak.

Kutsatzeen datuak apalagoak badira ere, ez da hori ospitaleratzeen kasua. Azken orduetan, 70 pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian gaitzaren ondorioz; udako agerraldiak hasi zirenetik izan den kopururik handiena. Murgak azaldu du ezin dela alderatu lehen olatuko datuekin, baina ohartarazi du kopuruak handiak direla, bai ospitaleratzeenak, baita ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daudenenak ere. Oraintxe, 377 lagun daude ospitalean.

Intzidentzia handia Tuteran

Bizkaian, 246 kasuren berri eman dute azken orduetan; Gipuzkoan, 173 izan dira kasuak; Nafarroan, 134; eta Araban, 91. Erkidegotik kanpo beste 46 kasu izan dira. Nafarroan, abuztuaren 24tik 30erako intzidentzia tasa 160 pertsona izan da 100.000 biztanleko;aurreko astekoa baino handiagoa. Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi du kezka nagusia Tuterako osasun eremuan dagoela. Izan ere, han bikoiztu egin da intzidentzia tasa: 100.000 biztanleko 393 kutsatzen dira oraintxe. Antzekoa da bi astetako intzidentzia metatua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 100.000 biztanleko 387.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.