HILBERRIA. J.P Mocky

Artaldetik kanpoko zinemagilea

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Jean-Paul Mokiejewski zuen benetako izena, baina Jean-Pierre Mocky gisa ageri da zinema zaleen begietara. 1929an jaio zen, Nizan (Frantzia). Antzerki aktorea lehenik; zinemakoa gero, Frantzian aktore kontsakratuen aldeko apustua egiten zuten garaian. Hala, Italian eduki zuen aukerarik onena: esketx bat Michelangelo Antonioniren I Vinti (1953) filmean.

Gidoilari eta zuzendari ere bihurtu zen. Psikiatriko batean kokatutako La Tête contre les murs (1958) behar zuen haren lehen filma, baina ekoizleek ez zioten utzi berak prestatutako proiektua zuzentzen, ezezaguna zelako erabat. George Franjuk zuzendu zuen azkenean. Hurrengo urtean zuzendu zuen Mockyk lehen film luzea: Les Dragueurs. Nouvelle Vague-koen garaikide zen, baina ez zen haien olatura igo. Kokapen naturalak eta aurrekontu txikiak erabiltzeko joeran, hala ere, bat egin zuen haiekin. Handik aurrera, dozenaka eta dozenaka film zuzendu zituen. Umore garratz eta konpultsiboa, karikatura eta satiraerabili ohi zituen. Komediak landu zituen lehenik; gero, zinema fantastikoa eta genero beltza ere bai. Kritika sozialarekin betiere, izan Elizarekin, izan politikariekin, izan hedabideekin, izan alienatzailetzat jotzen zuen edozerekin. Zenbaitetan, bera aktore bihurtuta; besteetan, kaleko jendea kameren aurrean jarrita; askotan, aktore ezagunei ezohiko rolak jokarazita. Sailkatu ezineko pertsona zen, eta halakoxe lanak utzi zituen: Un drôle de paroissien (1963), La Grande Lessive (1968), L'Albatros (1971), Litan (1982), À mort l'arbitre (1984), Le miraculé (1987) eta beste asko.

Urteek aurrera egin eta arrakasta urrundu ahala, konpultsiboki idatzi, ekoitzi eta zuzentzeari ekin zion. Zinema areto bat ere erosi zuen, lanok proiektatu ahal izateko. Sare ofizialetik kanpoko sare propioa sortu zuen. Atzo hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.