Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Irudizko hitzak

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Badira irratsaioak irratia baino gehiago direnak. Irratia osatzen duten elementuez gain, bestelako ezaugarriak ere badituztenak. Existitzen dira, kontraesana dirudien arren, ikus daitezkeen irrati emanaldiak. Bai, ondo irakurri duzu. Izan ere, irudiaren eta soinuaren arteko bizikidetza ahalbidetzen dute egitasmo ugarik, produktu hibridoa sortzeko asmotan. Hala, muga ikusezina hautsi dute, esanez bezala: zergatik ez du izango irudirik irratiak? Zergatik ukatu zaio hori orain dela oso gutxi arte?

Horren adibide da SER kateko Buenismo bien —baditugu gurean horrelakoak?—. Bertan, pil-pilean dauden gaiak umorez aurkezten dituzte, baita horiei buruz eztabaidatu ere. Esatariak Henar Alvarez, Manuel Burque eta Quique Peinado dira. Kasu honetan, entzuleak bi aukera ditu saioa jarraitzeko: streaming-a YouTuben, eta uhinak (ostiralero, ordu txikitan). Agerikoa da fenomenoak gazteak harrapatu dituela erabat. Eta horrek, irratigintzan jazotzen ari den iraultzak, abagunea eman dit hausnarketarako.

Ez zait ideia txarra iruditzen, eta ezin da ukatu baduela txunditzen duen osagarria: ezkutuan dagoena estalgabetzea, alegia. Alabaina, irrati kabinan gertatzen dena ez al da irrati kabinan gelditu behar? Irratsaio jakin bat nola sortu eta gorpuzten den erakusteak ez al du, hein handi batean, irratiak berezkoa duen xarma ezabatzen? Gainera, horrelako saioak, entzuteko baino gehiago, ikusteko jaio dira. Bisualak dira gehienetan irrati esatariek egiten dituzten keinuak eta bromak. Hortaz, aditu baina ikusten ez duenak —entzutea gutxi izango balitz bezala— mezua galtzen du ezinbestean.

Entzulearekin sortzen den harreman hori nahikoa indartsua zela uste nuen. Ahotsak, soinua, zarata, isiltasuna; irratiak duen berezitasuna, ezta? Alabaina, argi dago horrelako produktuek funtzionatzen dutela eta kontsumitzen direla. Bada, zergatik? Irratia ikusteko beharra dute gazteek? Irudiaren hegemonia, beste behin.

Ildo horri jarraikiz, asteazkenean, Faktoria Magazinea-n, Manu Etxezortuk eskatu zion Maider Segurolari azaltzeko aste honetatik aurrera Donostiako San Telmo Museoan ikusgai dagoen Remigio Mendibururen Txalaparta eskultura-pieza. «Esplikatu irratiz ikusten duzuna», esan zion. «Irratiz». Zoragarria iruditu zitzaidan kontzeptua. Hitzezko irudiak egin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.