Realak Taconen aurka galdu du

Espainiako taldeak gola sartu du bi zatien hasieran, eta txuri-urdinek kontrakarrean aritu behar izan dute norgehiagoka osoan: 3-1

Marta Cardona, Daiane Taconeko atzelariarekin lehian, atzo. REALA.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Realak kale egin zuen atzo Madrilen. Kale, galdu egin baitzuen Espainiako Lehen Mailako azken-aurreko sailkatuaren aurka: 3-1 irabazi zion Taconek. Espainiako taldeak bi hilabete pasatxo zeraman irabazi gabe, eta tarte horretan jokatutako sei jardunaldietan bi puntu besterik ez zituen lortu. Bada, atzo Reala baino hobeto aritu zen, eta merezita lortu zituen hiru puntuak. Talde txuri-urdinak, beraz, ezin izan dio segida eman azken jardunaldian Sevillan (Espainia) lortutako garaipenari. Hala, aukera ona galdu du sailkapenean jauzia emateko, eta, gaurko partiden emaitzen zain, erdiko postuetan jarraituko du.

Hasieratik okertu zitzaion lehia Realari, hasi eta berehala gola sartu baitzuen Taconek, Jessica Martinezek, faltaz, bederatzigarren minutuan. Etxekoak nagusi ziren, baina bisitariek ondo aprobetxatu zuten lehen aukera garbia. Kiana Palaciosek area barruko alderatze batean egin zuen banakoa, 39. minutuan.

Lehia berdinduta zegoen, baina bigarren zatia hasi eta gutxira sartu zuen 2-1ekoa Taconek, Chioma Ubogaguk, 48. minutuan. Halere, Reala gai izan zen gora egin eta binakoa sartzeko aukerak sortzeko. Baina ez zen fin aritu erasoan. Bai, ordea, Tacon, eta Sofia Jakobssonek hirugarrena egin zuen norgehiagoka amaitzear zela, 87. minutuan. Gol horrek eman zien azkena txuri-urdinei. Marta Cardonak gertu izan zuen bigarren gola, baloia langara botata. Baina hortxe amaitu zen neurketa.

Athletic, Rayoren zelaian

Athleticek, berriz, gaur jokatuko du, eta Reala bezala, etxetik at ariko da. Haren kasuan, gainera, hirugarrenez jokatuko du jarraian Euskal Herritik kanpo, joan den asteburuan bertan behera geratu baitzen Lezaman Taconen aurka jokatu beharreko lehia, jokalariek deitutako grebarengatik.

Madrilen ariko da Athletic, Rayo Vallecanoren aurka (11:00). Neurketa bihurria da Angel Villacampak entrenatutako taldearentzat, sailkapenean Rayo aurretik baitago: hamalau puntu ditu, Athleticek baino bi gehiago. Rayo, gainera, oso aurkari indartsua da etxean: hamabi puntutik hamar lortu ditu. Belar artifizialekoa da zelaia, eta bertan oso ondo moldatzen da etxeko taldea.

Norgehiagokaren zailtasunaz ohartarazi zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak. «Aurreko denboraldietan ez dugu emaitza onik lortu Rayoren zelaian. Beraz, beste erronka bat da, bota behar dugun beste horma bat. Oso adi egon beharko dugu. Guk egiten dugun lanaren araberakoa izango da emaitza. Etenaldiaren ostean, lehiatzeko irrikan gaude».

Deialdian berritasun esanguratsu bat dago, Erika Vazquez jokatzeko prest baitago, bi hilabetez min hartuta egon eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.