Koronabirusa

Birusa kontrolatzeko sistema «jarraitu» batera pasatzeko asmoa berretsi du Madrilek

Dariasek esan du COVID-19a «pixkanaka endemiko» bihurtzen ari dela, eta seigarren olatua igarota bestelako tratamendu bat beharko duela

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroa, Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren osteko agerraldian. KIKO HUESCA / EFE.
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Koronabirusa «gaixotasun endemiko» moduan tratatzen hasteko Espainiako Gobernuaren asmoari eutsi zion atzo iluntzean Carolina Darias Osasun ministroak, Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren bileraren ostean egindako agerraldian.COVID-19aren seigarren olatua aurrekoekin alderatu zuen Dariasek, haren berezitasunak nabarmendu eta bestelako tratamendu bat eskatzen duela azaltzeko. «Txertaketa hedatua, omikronen presentzia eta intzidentzia handia epidemiologia aldatzen ari dira. Aldaketa horren aurrean, gai izan behar dugu jokaleku berriak aurreikusteko. Bestelako kontrol eta bijilantzia batera pasatu behar dugu, olatu hau pasatzen denean», adierazi zuen.

«Pixkanaka endemikoa bihurtzen» ari da koronabirusa, Dariasen esanetan, eta egoera horretara egokitzeak aldaketa eskatzen duela defendatu, betiere trantsizio bidez eginda: «Larrialdiko bijilantzia sistematik bijilantzia jarraitura igaro behar dugu».

Ez da berria asmoa. El País egunkariak astelehenean aurreratu zuen Pedro Sanchezen gobernua plan bat lantzen ari dela koronabirusa «arnas gaixotasun gisa» behatzeko eta zenbaketa zehatza alde batera uzteko, eta hala baieztatu zuen ondoren Sanchezek berak ere.

Bide beretik, «jokaleku berriak ireki» beharraz aritu zen Darias atzo, baina horien nolakoa askorik zehaztu gabe eta, betiere, «zuhurtzia» eskatuta. Bide hori «adituen ahotsari» entzunda eta «osasun sistema osoarekin» batera egin behar dela nabarmendu zuen. Halaber, urrats horiek «nazioartean» ere eman behar direla gogorarazi zuen. Alde horretatik, Dariasek adierazi zuen Madrilek eskatua diola ECDC Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroari azter ditzala estrategia berriak pandemiari aurre egiteko.

Egoera epidemiologikoaren bilakaera aipatuz argudiatu zuen Osasun ministroak birusari bestelako jarraipena egin behar zaiola orain artekoarekin alderatuta. Kutsatzeak hirugarren olatukoak halako hiru diren arren, ospitaleratzeak ordukoak baino gutxiago direla esan zuen. Gainera, erantsi zuen nabari dutela azken astean «moteldu» egin dela birusaren transmisioa.

Testen prezioa, gaur

Autodiagnostikorako testen prezioa ere izan zuen hizpide Dariasek. Gehienezko prezioa mugatzeko asmoa agertu zuen, baina ez zuen zehaztu zenbatekoa izango den. Izan ere, Medikamentuetarako Ministerio Arteko Batzordeak gaur egingo duen bileran zehaztuko dute prezioa. «EMAri esker», egun homologatutako 40 eratako testak erabil daitezkeela azpimarratu zuen.

Hain zuzen, atzo, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak Europako Batzordeari eskatu zion erraztu dezala in vitro testen homologazioa; tartean, antigeno testena. Proba horiek agortzea eta haien prezioa igotzea saihesteko neurri gisa aurkeztu zuen eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.