Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Film batean bezala

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Donald Trumpen jarraitzaileak Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioan sartu dira asteon. Years and Years telesaileko bilbeetako bat izan zitekeen. Baina ez da hala izan. Orson Wellesek irrati kabinatik kontatu zuen moduan —Marteko estralurtarren armada gure planeta inbaditzen ari zela hain zuzen—, espero nuen esatariren batek Kapitolioan jazotzen ari zena narrazio izugarri bilakatzea. «Jaun-andreok, hau inoiz ikusi dudan gauzarik beldurgarriena da... Itxaron pixka bat! Norbait gerturatzen ari da... Norbait... edo zerbait».

Euskadi Irratiko Faktoria-k ez zuen zehazki modu horretan egin, baina «errebolta saiakeraren» berri eman zuen goiz-goizetik. Albistegian zehar, Washingtongo berriei erreparatu zieten, hedabideek idatzitako lerroburuak errepasatu eta egindako zuzeneko emankizunak errepikatu zituzten, baita «argazki deigarriak» deskribatu ere, «pelikula distopiko» horren baitan entzuleak girotzeko asmoz. Erasoa Twitter bidez jarraitu genuenontzat biharamuneko eranskina izan zen.

Ondoren, saio berean eztabaida bat abiatu zuten, eta hasieran zineforumaren tankera hartu nion: ez zuten hutsik egin Kapitolioko erasoaren eta telesail zein filmen arteko konparazioek. Alabaina, anekdotatik at, tertuliakideen arteko eztabaida mamitsua iruditu zitzaidan, tarteka geldoegia, erretratu oso batetik nahiko hurbil: zentzuzkoak izan ziren argudioak eta iritziak, etxetik eztabaida hori entzun genuenoi hausnartzeko grina pizteko modukoak.

Gertatutakoari jarraikiz, igandean, SEReko La hora extra irratsaioa nahiko profetikoa izan zen. Kultura gai mordoxkaren artean, Bruno Galindo idazlea elkarrizketatu zuten, iaz argitaratu zuen nobelaren harira (Remake izenekoa). Liburu baten ohiko aurkezpena baino erakargarriagoa izan zen. Izan ere, haren fikziozko obran, errealitatearen eta simulakroaren arteko joko makabroari buruz jardun zuen Marta Garcia esatariarekin batera. Besteak beste, «ikuskizunaren gizarteaz» aritu ziren biak; halaber, autoreak zehaztu bezalaxe,bizi dugun garai eroa aintzakotzat hartuz, hobe litzateke «gizartearen ikuskizun» esatea, ikuskizun lotsagarria, alegia. Kapitolioan gertaturikoari so egiten badiogu behintzat, idazleak arrazoi. Nola kontatuko zukeen Orson Wellesek Kapitolioko asaltoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.