Trabak traba, Realak ekin dio sasoi-aurreari: goitik behera aldatu da taldea

Natalia Arroyoren taldeak bost fitxaketa eginda hasi du denboraldi-aurrea. Hamar jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea

Realeko jokalariak eta talde teknikoa, sasoi-aurreko lehendabiziko entrenamenduan. REALA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Berandu baina garaiz hasi da Reala prestatzen datorren denboraldia. Trabak izan dituzte bidean; izan ere, joan den denboraldiaren bukaeran, hamar jokalarik klubean ez jarraitzea erabaki zuten. Taldearen bizkarrezurra osatzen zuten jokalari hauek joan ziren: Nahikari Garcia, Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte, Nuria Mendoza, Leire Baños, Barbara Latorre, Maitane Lopez, Lucia Rodriguez, Kiana Palacios eta Manu Lareo.

Trabak traba, 21 jokalarik parte hartu zuten denboraldi-aurreko lehendabiziko entrenamenduan. Hainbat aurpegi berri zeuden: hain justu, Iris Arnaisena, Clare Pleurerena, Allegra Poljakena eta Emma Ramirezena. Manuela Venegas atzelaria ere fixatu du talde donostiarrak, baina ez zen aritu entrenamenduan. Atzeko lerroa indartzera etorri dira Arnais, Venegas eta Ramirez. Ez, ordea, Pleurer eta Poljak, erdian eta aurrean jokatzen baitute. Arnais jaitsi berri den Deportivotik etorri da, eta atzean zein euskarri moduan jokatu dezake; Pleurer estatubatuarra eta Poljak serbiarra Granadillatik datoz; Vanegas kolonbiarra, berriz, Espaynoletik etorri da; eta, azkenik, Ramirez sasoi baterako etorri da, Bartzelonak utzita.

Horiez gain, Mirari Uria harrobiko aurrelariari lehen taldeko fitxa egin diote. Entrenamenduan harrobiko beste lau egon dira: Izarne Sarasola, Laida Balerdi, Claudia Fernandez eta Olatz Santana. Jokalariak ez ezik, talde teknikoa ere aldatu da: Iñaki Goikoetxea bigarren entrenatzaileak eta Ander Ruiz atezainen entrenatzaileak taldea utzi dute. Horien ordez, Eder Maestre eta Beñat Etxebeste egongo dira.

Bestalde, Alavesek Cristina Auñon atzelaria fitxatu du; Rayo Vallecanotik dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.