Bi zaindari, ate bakarra

Osasunaren atean lehia bizia piztu da Ruben Martinezen eta Sergio Herreraren artean. Azken bi partidetan Herrera izan da hamaikakoan, baina gaur Martinez ariko da hasieratik.

Ruben Martinez, Osasunako atezaina, taldekideei oihu egiten. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Osasuna Lehen Mailarantz beste pauso bat ematen saiatuko da gaur, Sadarren Extremadurari irabazita. Teneriferen kontra bigarren itzuliko lehen porrota izan ondotik, Jagoba Arrasatek aldaketak egingo ditu hamaikakoan. Oier eta Villar jokatzeko moduan dira, eta gaur, itxura guztien arabera, titular gisa ariko dira. Ruben Martinezek ere hasieratik jokatuko du, azken bi norgehiagoketan Sergio Herreraren itzaletan egon ostean. Denboraldian zehar, Martinezek postu finkoa izan du, baina gauzak aldatu egin dira, Herrera lesiotik osatu eta puntu-puntuan jarri baita. Orain, bi zaindari fidagarri daude ate bakarrerako.

Ez du edonolako dilema Arrasatek. Oraingoz, ez du hartu behin betiko erabakirik. Gaur Martinezen esku utziko du atea zaintzeko ardura, baina, herenegun zehaztu zuenez, «horrek ez du esan nahi denboraldia amaitu arte Ruben izango denik aurreneko aukera». «Lehen, prest zegoen Sergio, eta, orain, bi partida jokatu ostean, areago. Hamar lehia gelditzen zaizkigu, eta jokalari guztiak eduki nahi ditut jokatzeko pronto», gaineratu zuen. Bi atezainek dituzte argudio sendoak hasieratik aritzeko, eta datozen partidetan fokupean egongo da haien jarduna. Izan ere, akatsik txikienarekin balantzak alde batera edo bestera egin dezake.

Teorian, galoi gehiago du Herrerak, gorritxorik onenetakoa izan baitzen iragan denboraldian. Osasunako zale guztien miresmena irabazi zuen, besteak beste, penaltiak gelditzeko gaitasunari esker. Gainera, apustu sendoagoa da luzera begira: 25 urte ditu, Martinezek baino bederatzi gutxiago. Alabaina, ezkerreko belaunean larriki hartu zuen min iazko maiatzean, sasoia amaitzear zela, eta hamar hilabete itxaron behar izan du zelaietara itzultzeko. Denbora horretan, Martinezek lan oso txukuna egin du Herreraren ordezko gisa, atepean segurtasun handia erakutsita, eta konbentzitu egin du Arrasate.

Zalantza asko sortu zuen hura fitxatu izanak, Deportivon sasoi eskasa osatua zelako, batetik, eta harrobiko Juan Perezen garapena etengo zuelako, bestetik. Eta kezkak hauspotu besterik ez zituen egin denboraldi hasieran emaniko mailak. Taldearen hauskortasunak kutsatuta, zalantzati aritu zen, eta huts nabarmen batzuk egin zituen. Haren hanka sartze batek esku hutsik utzi zituen gorritxoak Oviedoren zelaian, hamargarren jardunaldian. Haatik, konfiantza hartuz joan da, eta, azkenean, guztiz uxatu du zaleen mesfidantza. Akaso ez da Herrera bezain ikusgarria, eta harmailekin ez du hain lotura estua, baina egin beharrekoak ondo egiten ditu.

Urte bateko kontratua sinatu zuen Osasunarekin, baina, han zehazten zenez, beste urtebeterako berritzeko aukera zuen hasieratik hogei partida jokatuz gero, eta urtarrilean iritsi zen kopuru horretara. Debuta hirugarren jardunaldian egin zuen, eta, hortik aurrera, 26 lehia jokatu ditu jarraian, harik eta azken bi partidetan Sergio Herrerak tokia kendu dion arte. Gaur hamaikakora itzuliko da, baina ikuskizun dago nork zainduko duen Osasunaren atea sasoiaren azken txanpan.

OSASUNA-EXTREMADURA

Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia,

Clerc; Oier, Mérida; Torres, Ruben Garcia, Rober Ibañez;eta Villar.

Extremadura. Casto; Ale Diez, Pardo, Borja Granero, Bastos;

Zarfino, Perea, Kike Marquez, Lolo Gonzalez; Reyes, eta Ortuño.

Epailea. Dominguez Cervantes.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle). Ordua. 16:00etan (Liga 123).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.