Eraberritzeak ilusioa piztu du

Bilbo Basketek astebete darama lanean. Jokalari askok taldea utzi dute, baina iritsi direnekin «oso pozik» dago Ponsarnau. Harena izango da berriro taldeak helburuak betetzeko ardura.

Jaume Ponsarnau, denboraldiaurreko lehen lan saioan. BILBO BASKET.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldiko lanak arazo handirik gabe burutu ostean, Bilbo Basketek denbora izan zuen datorren sasoiari begira jartzeko. Rafa Pueyo kirol zuzendariak inoiz baino lehenago amaitu zituen lanak, eta ezusterik ezean, taldea guztiz osatua daukala hasi da lanean Jaume Ponsarnau. Taldeak sei fitxaketa egin ditu, eta aurreko denboraldiaren bigarren erdian fitxatu zuten Georgios Tsalmpuris ere Bilbon gelditu da. Bestalde, bederatzi jokalarik utzi dute taldea. Lehiaketei dagokienez, Europan jokatuko du berriro Bilbo Basketek: sortu berri duten Europa kopan.

PERIMETROARI GARRANTZIA
Esperientzia eta gazteak

Askotan aipatzen da saskibaloian antolatzaileek erabakitzen dutela taldearen jokamoldea, eta postu hori eraberritu behar izan du Pueyok. Ludde Hakansonek, Nikola Radicevicek eta Agustin Ubalek taldea utzi dute, eta horiek ordezkatzeko Melwin Pantzar eta Alex Renfroe iritsi dira. Adam Smith Bilbon gelditu da, eta postu horretan lagun dezake, nahiz eta eskolta moduan ariko den gehienetan. Harekin lehiatzeko Kristian Kullamae iritsi da, eta Tomeu Rigo ere prest izango du Ponsarnauk.

Kanpoko postu horietarako formula zahar bat erabili du Pueyok. ACB ligan esperientzia daukaten jokalari beteranoak eta gosez iritsiko diren gazteak tartekatu ditu. Renfroek 37 urte ditu, eta Granadan aritu zen azken sasoian. ACB ligako hainbat taldetan jokatu du, eta esan daiteke antolatzaile anarkiko bat dela. Erritmoa ezartzea gustatzen zaio, eta, puntuak sartzeko gaitasuna izan arren, asistentziak banatzeko jokalari aproposa da. Hamar puntu eta bost asistentzia lortu zituen azken sasoian partidako. Pantzarrekin banatuko du postua. Suediarra oso antolatzaile fisikoa da; Urrezko LEB ligako onenetako bat izan zen iaz. Erraz sartzen ditu puntuak —hamabost partidako azken sasoian, Valladoliden—, baina atzeko lanean indar husten den jokalaria da.

Kullamae da beste berritasuna. Azken sasoian taldeak izan zuen arazo nagusietako bat konpontzeko asmoz fitxatu dute. Antolatzaile postuetatik urrun, baloia ongi pasa dezake, baina ez da haren gaitasun nabarmenena, baizik eta kanpotik jaurtitzea. Jaurtitzaile peto-petoa da, eta Lituaniako ligan zein Eurokopan ongi erakutsi zuen hori iaz. Burgosen bi urte eman zituen ACBn, eta orduko eskumutur fina mantendu badu ere, beste gaitasun batzuk lortu ditu Lituanian. Batez ere, fisikoa eta saskira joateko abilezia.

APUSTUAK SASKIPEAN
Baliabide ugari

Zona barruan ere elkarrengandik oso desberdinak diren jokalariak ekarri ditu Pueyok. Ponsarnauri pibot handiak gustatzen zaizkio, defentsan haien presentziak aurkariak beldur ditzakeenak. Horrekin batera, pibot txikiago bat eta mugikortasun handiagoa daukan bat nahi izaten du. Eta hori lortu du Pueyok. Tsalmpurisek zenbaki bikainak egin zituen aurreko sasoian jokatu zuen denbora gutxian, eta taldean gelditu da. Garaia izan arren, asko mugitzen da, eta eskumutur fina du. Harekin lehiatzeko, Tryggvi Hilnason eta Sacha Killeya-Jones ekarri dituzte. Hilnason 216 zentimetroko dorrea da, eta jokaldiak bukatzeko aproposa. Sasoi aparta egin zuen Zaragozan, eta daukan indarra ondo baino hobeto baliatzen du saskipean puntuak lortzeko. Ponsarnauk ondo ezagutzen du, Zaragozan bere esanetara izan baitzuen.

Kileya-Jones, berriz, bestelako jokalaria da. Israelen sasoi bikain bat egin ostean, AEBetako Garapen Ligan aritu da. Fisiko aldetik, pribilegiatua da. Halere, oso teknikoa da, ondo erabiltzen ditu bi eskuak, eta saskipean ondo mugitzen da. Zalantza bakarra da ea ondo ulertuko duten ACB ligako jokoa, jokamoldea oso zorrotza baita taktikoki. Hegaleko-pibot posturako iritsi da beste apustua. Thijs De Ridder 20 urteko gaztea BNXT ligatik dator, Herbehereetako eta Belgikako ligatik. Kanpotik jaurtitzeko gaitasuna izateaz gain, oso indartsua da, eta ez ditu kontaktuak saihesten. ACB ligara ohitzeko maisu ona izango du alboan: Denzel Anderssonek Bilbon jarraituko du. Hark defentsako lana eta errebotea ziurtatuko ditu.

GILTZA, ADAM SMITHEK
Argia iluntasunean

Hasieran zaila zirudien arren, Adam Smithek Bilbon jarraitzea erabaki du. Andrew Goudelock ordezkatzeko iritsi zen iaz Bilbora, eta Hakansonekin batera berebiziko garrantzia izan zuen taldearen jokoaren sorkuntzan. Taldearen erasoko jokoa Hakanson eta Adam Smithen banakako jokaldietatik abiatzen zen iragan sasoian, eta bietako bat falta zenean irtenbide gutxi topatu zituen taldeak. Hakansonek Murtziarako bidea hartu du, eta hura ordezkatzeko beste jokalari batzuk fitxatu diren arren, argi dago Smithek izango duela taldearen giltza erasoan, eta baloia askotan igaroko dela haren eskuetatik.

Azken sasoian14,2 puntu sartu zituen batez beste. Horrez gain, hiru asistentzia banatu zituen partidako. Jokalari berezia da. Antolatzaile peto bat ondoan daukala jokatzeak lanak errazten dizkio, baina antolatzaile bakar moduan ere hainbatetan jokatu du. Trantsizioan azkarra da, eta partidaren erritmoa ezar dezake. Saskira begira, blokeo zuzenetan eta bi-biren aurkako jokaldietan abantailak lortzen ditu. Aukera bilatu eta jaurtitzeko gaitasuna ere badauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.