Pilota. Binakako Txapelketako finala

Apustu segurua

Duela hiru urte Asperekin hasi zenetik, Danel Elezkanok jokaturiko partiden bi heren irabazi ditu. Binakako txapelketan ere fidagarria da: %65 irabazi ditu, eta bi aldiz iritsi da finalera.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Kostata damutuko da Danel Elezkano (Zaratamo, Bizkaia, 1994) Asperen eskaintza onartu izanaz. 2016ko abuztuan jantzi zuen aurrenekoz Aspeko elastikoa, eta, harrezkeroztik, bere ibilbideak gora egin du. Asegarcen itxura ona emanikoa zen, baina Eibarko enpresan aukera hobeak jaso ditu, eta ondo baliatu ditu. Asperekin hasi zenetik, 133 partida jokatu ditu, eta 85 irabazi, %63. Binakako Txapelketan antzeko datuak ditu: lehien %65 irabazi ditu. Apustuek elikaturiko pilotaleku industrialen garaian partiden bi heren irabazten zituzten pilotariei partida irabazleak deitzen zitzaien, eta Elezkano zenbaki horietan dabil. Apustu segurua da.

2016. urteko udaberria zalapartatsua izan zen Asperentzat. Otsailean, enpresak kontratua eten zion Yves Salaberri Xala-ri, eta, apirilaren 9an, Juan Martinez de Irujok bere ibilbideko azken partida izango zena jokatu zuen. Kolpetik puntako bi pilotari falta zituen aurreko koadroetan, eta norbait behar zuen haiek betetzeko. Jokin Altuna eta Iker Irribarria zailtze prozesu betean zeuden, eta Aspek Asegarcen ikusi zuen zulo hori betetzeko hautagaia. Elezkanoren inguruan galdetu, eta Asegarcek eskaintza onartu zuen.

Zarautzen (Gipuzkoa) jokatu zuen aurreneko partida Asperekin, 2016ko abuztuaren 21ean. Berak eta Xabi Tolosak 22-10 irabazi zieten Victor Esteban eta Andoni Aretxabaleta Asegarcekoei. Hasiera ezin hobea izan zen, hurrengo bi partidak Bilboko Torneoan jokatu baitzituen, eta trofeoa altxatu zuen Jose Javier Zabaletarekin bikote eginez. Urte hartan Lau eta erdiko Txapelketari uko egin behar izan zion eskuko arazoengatik, baina Binakako Txapelketak gozatu zion mina.

Asegarcen ez zuen binakakoa hasieratik jokatzeko aukerarik izan, baina ordezko gisa bost partida jokatu zituen, eta bostak irabazi. 2017an Zabaletarekin jarri zuen Aspek, eta finalerdietarako sailkatu zen. Hamalau partida jokatu zituen guztira ligaxka eta finalerdien artean, eta sei irabazi zituen. Eskuko minak ez zion lagundu, baina ondo jokatu zuen. Aspeko laugarren aurrelaria izateko lehia irekia zegoen, eta hurrengo urtean enpresak berriz ere eman zion aukera. Uda horretan hemezortzi partida jokatu zituen, eta hamabi irabazi, bi heren.

Iaz jokatu zuen binakakoa bigarren aldiz, Rezustarekin. Guztira hemezortzi partida jokatu zituen, eta lau baino ez zituen galdu. Uda ere berriz ona izan zen: 27 partida jokatu eta hamasei irabazi zituen (%59), tartean Bilboko Torneoko eta Masterseko finalak. Datu horiekin inor gutxik jarri zuen zalantzan aurtengo binakakoan ere parte hartuko zuela. Eta datuak, beste behin, oso onak izan dira: hamazazpi partida jokatu ditu, eta hamabi irabazi ditu.

Elezkanoren fidagarritasuna neurtzeko, Binakako Txapelketan izandako estatistika osoari erreparatu behar zaio. Bere ibilbidean 59 partida jokatu ditu guztira, eta 32 irabazi ditu: %65. Binakako partidetan buruz buruko alderaketak egitea ez da oso zuzena, atzelariaren aldagaia oso garrantzitsua delako. Baina, hori kontuan hartuta, Binakako Txapelketako bere datuak Aspeko beste aurrelariarenak baino hobeak dira. Joseba Ezkurdiak, esaterako, Binakako Txapelketako 104 partida jokatu ditu, eta 50 irabazi: %48; Jokin Altunak 68 eta 30: %44; eta Iker Irribarriak, azkenik, 62 eta 34: %54. Irribarriak eta Ezkurdiak, baina, txapel bana dute, eta hori da Elezkanok igandean hobetu nahiko lukeen estatistika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.