Koronabirusa

Neurriak gogortu dituzte Europako herrialdeek, Eguberrien atarian

Komertzioak eta ostalaritza zerbitzuak itxi dituzte Erresuma Batuan, Alemanian eta Herbehereetan. Italia 700.00 hildakotik gertu dago

Municheko (Alemania) Kaufingstrasse kalea, atzo; bertan daude hiri horretako saltoki handi asko. LUKAS BARTH-TUTTAS / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Neurriak gogortzera jo dute Europako herrialde askok, COVID-19aren hedapena azkartzearekin batera. Begi bat EMA Europako Sendagaien Agentziara begira du Europako Batasunak, hark eman behar baitie onespena estatu kideetan zabalduko diren txertoei. Bitartean, ordea, COVID-19 kasuen bilakaera okertu egin da herrialde askotan, eta joera hori orokortzen ari da. Horren aurrean, aurrez iragarritakoak baino neurri gogorragoak ezarri dituzte, esaterako, Alemanian, Herbehereetan eta Erresuma Batuan.

Italian eta Alemanian dago fokua, hein handi batean, nabarmen egin baitu okerrera egoerak bi herrialde horietan. Izurriak jota, 846 lagun hil ziren asteartean Italian. Italiako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez, COVID-19ak eragindako 70.000 hildakoren langa gaindituko du herrialdeak aurten; 1944an soilik izan zuen hainbeste hildako Italiak, eta Bigarren Mundu Gerran ziren orduan. Europan COVID-19aren ondorioz hildako gehien izan duen herrialdea ere bada. Giusseppe Conte lehen ministroak baztertu egin du konfinamendua, baina, gobernuaren aholkulari den batzorde baten gomendioei jarraikiz, espero da neurriak gogortuko dituela. Etxeratze aginduaaurreratzea eta tabernak zein jatetxeak ixtea izan litezke horietako bi, herrialdeko hedabideen arabera.

Goranzko joera du zenbakietan Alemaniak ere, eta orain arteko hildako kopururik handiena izan zuen asteartean: 952. Gobernuak estatu federatuetako agintariekin adostutako neurri berriak indarrean sartu ziren egun berean iritsi zen kopuru horretara herrialdea. Komertzio gehienak eta eskolak itxita izango dira urtarrilaren 10era arte, eta gehienez bost lagun bildu ahalko dira etxeetan, abenduaren 24tik 26ra bitartean izan ezik; lau lagun gehiago elkartu ahalko dira egun horietan. Atzo arte ere etenda zeuden oinarrizkotzat ez ziren aisialdiko jarduera guztiak Alemanian; kirol eta kultur jarduerak, kasurako. Hartutako neurriekin, gobernuak espero du positibo kopurua eta intzidentzia tasa nabarmen jaistea, eta helburutzat jarri du urtarrilaren amaierarako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 50 positibotan izatea; egun, 180 ingurukoa da.

Aurrekoenak bezain datu makurrak ez badituzte ere, orain arteko neurri zorrotzenak ezarri dituzte Herbehereetan. Alemaniakoen bide beretik, komertzioak ixtea erabaki du hango gobernuak, eguneko 10.000 positibo baino gehiago izan baitituzte azken egunetan. Supermerkatuak, bankuak eta farmaziak ez beste komertzio guztiak itxita izango dira urtarrilaren 19ra arte. Herritarrekin harremanetan egotea eskatzen duten lanbideetako profesionalek ere eten egin beharko dute beren jarduna. Gurtzarako guneak zabalik izango dira, eta kirol lehiaketak mantenduko dituzte. Ez dute mugatu herrialdeko mugikortasuna, baina bai gomendatu: herritarrei kalera ahalik eta gutxien irteteko eta etxean gehienez bi gonbidatu hartzeko eskatu die; gehienez hiru, Gabonetan. Gobernuaren neurri murriztaileen aurkako ahotsak ere ozendu dira, haiek aplikatzearekin batera. Herritarrei eginiko diskurtso batean iragarri zituen neurriak Mark Rutte lehen ministroak, horien aurkako protestariak egoitza kanpoan zeuden bitartean.

Gorakada Erresuma Batuan

Atzo bertan sartu ziren indarrean Erresuma Batuko neurri berriak. Herrialde osoari ez diote berdin eragingo, ordea. Eremu batzuk hirugarren mailako alerta egoerara —oso handia— igaro dira, eta neurri murriztaile gogorragoak ezarriko dituzte horietan. Londres hiriburua eta Essex, Kent eta Hertfordshire konderriak sartu ditu gobernuak multzo horretan. Guztira, Erresuma Batuko biztanleen %61 —34 milioi— hirugarren mailako alerta egoeran dagoen zona batean daude gaur egun. Tabernek eta jatetxeek itxi egin beharko dute horietan, etxez etxeko zerbitzurik ez badute. Gehienez ere sei laguneko bilkurak baimenduko dituzte kalean eta etxe barruan ezin izango da elkartu, nahiz eta abenduaren 23tik 27ra neurri hori aldatzea aztertzen ari diren.

Hilabetez konfinatuta izan da herrialdea, abenduaren 2ra arte. Ordutik, kutsatuen kopuruak goranzko joera hartu du, eta neurriak laxatzearen arriskuaz mintzatu dira osasun adituak. Hildako gehien izan duten Europako bigarren herrialdea da, Italiaren atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.