Haztegi bereko bi lagin

Imanol Alguacilek eta Unai Emeryk ondo ezagutzen dute elkar. Batera aritu ziren Realean, jokalari gisa, eta nork bere bidea egin ondotik, aulkietan elkartu dira orain. Alberto Lopez taldekide ohiak dio «maila handiko» bi teknikari direla.

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Zubietako harrobiak elkartu zituen estreinakoz, orain urte asko. Imanol Alguacilek (Orio, Gipuzkoa, 1971) eta Unai Emeryk (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971) txuri-urdinen haztegian ezagutu zuten elkar, artean gazte mailetako jokalari zirela. Gerora, lehen taldean aritu ziren elkarrekin: 1995-1996 denboraldian izan zen. Futbolaren zurrunbiloak banandu egin zituen gero, harik eta aulkietan berriz elkartu diren arte.

Egun, entrenatzaile dira bi-biak, eta baita sasoi hartan Realean aritu ziren beste zenbait jokalari ere: Iñigo Idiakez, Javi Gracia, Txema Lumbreras edo Valeri Karpin, besteak beste.

Baita Alberto Lopez ere (Irun, Gipuzkoa, 1969). Atezain ohiak esan duenez, aldagela berean aritutako zenbait jokalarik ofizio bera hautatu izana ez da kasualitate hutsa: «Gure belaunaldiko asko gabiltza entrenatzaile lanetan handik eta hemendik. Ez da erraza izaten gorengo mailara heltzea, eta gurekin aritutako batzuk izugarri ondo ari dira».

Zubietako haztegiko bi lagin dira Imanol eta Emery, baina norberak bere ezaugarriak ditu. Oriotarrak etxeko taldean lortu du gorengo mailara heltzea, harrobiko taldeetatik igaro ondoren. Hondarribiarrak, berriz, Espainiako Bigarren B Mailako Lorcan egin zituen lehen urratsak, artean jokalari zela, eta Europako talde indartsuetarainoko jauzia egin du gero: «Jokalari gisa ez zuen guk bezainbeste zorte izan. Beheko mailetan aritu zen, baina horrek entrenatzaile gisa lehenago hastea ahalbidetu zion, eta eragina izan du bere ibilbidean».

Besteak beste, Arsenal, Paris Saint-Germain, Sevilla, Valentzia eta Vila-real zuzendu ditu Emeryk, eta garaikurrak irabazi Europan. «Egon den klubak goi mailakoak dira. Duen adinerako, bide bikaina egin du», Albertoren esanetan.

Oso bestelakoa izan da Imanolek teknikari gisa egin duen bidea. Zarauzko gazte mailetan hasi ostean, Realera egin zuen jauzi, eta, handik, koskaz koska ailegatu da Lehen Mailara. «Bizkor, halere», azpimarratu du Realeko atezain ohiak. Haren esanetan, ez da «ohikoa» izaten gazte mailetan egonda lehen taldearen ardura ematea: «Une jakin batean izan zen, Eusebio [Sacristan, Realeko entrenatzaile ohia] kaleratu ondotik, eta ondo egin zuen bere lana. Halere, lan hori egin ostean harrobira itzultzea eskatu zuen, ikasten segitzeko. Gorengo mailan, halako jarrerek harritu egiten dute. Bikain aritu da, eta 10etik 9,7 nota jarriko nioke».

«Estilo ezberdinak»

Eliteko bidea nola, teknikari bakoitzaren egiteko era ere «ezberdina» da Albertoren arabera: «Kontuan izan behar da Imanol beheko mailetatik igo zela, jokalariak ezagutzetik eta harrobiko egitura duen klub batean. Unaik [Emeryk], berriz, bestelako profila du; bere erara egiten ditu gauzak: berari gustatzen zaion sisteman aritzeko jokalariak fitxatzen ditu bere taldeetarako».

Hori da bien arteko alde nagusia, irundarraren ustetan: «Orain, Valentziatik zelai erdiko bi jokalari ekarri ditu, bere hautuz [Parejo eta Coquelin]. Gero, estrategia asko lantzen duen teknikaria da, eta geldikako jokoan berritzailea. Ondo egiten ditu gauzak».

Jokoan ere ezberdintasunak hauteman dituen arren, Albertoren esanetan Vila-realek eta Realak badute zerbait amankomunean: «Oso ondo jokatzen duten bi talde dira. Realari emaitzek ez diote lagundu, baina lehengo joko horrek irauten dio. Ate aurreko eraginkortasuna gutxitu zaio, agian». Aldiz, Vila-realen inguruan esan du «zelaian protagonista» izatea gustatzen zaion taldea dela, eta «ofizioa ezagutzen duten» jokalariak dituela.

«Txapeldunen Ligan egoteko lehian ariko diren bi talde» dira, atezain ohiaren arabera, eta jokoa dute indargune. Hargatik, baloia izateak edo ez baldintza dezake gaur iluntzeko dema: «Baloirik ez dutenean zer egiten duten, horixe izango da gakoa. Horretara ondoen egokitzen denak asko lor dezake».

Zubietako faktoria izan zen bien futbol munduko abiapuntua, nahiz entrenatzaile izatea «gerora» erabakitako zerbait izan: «Garai hartan oso gazteak ginen. Unairekin bigarren taldean aritu nintzen gehienbat, eta auto berean joaten ginen biok eta Kote Pikabea, haiek Hondarribikoak zirelako, eta ni Irungoa. Adin horretan ez da asko nabaritzen entrenatzaile izan nahi den ala ez».

Aldiz, Albertok Imanolekin batera eskuratu zuen entrenatzaile titulua, futbola utzi eta gerora: «Zubietako urteetatik denbora asko igaro da, baina agerian geratu dena da biek asmatu dutela entrenatzaile izateko orduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.