Nacho Vidal. Osasunako jokalaria

«Osasunako zaleak izan dira taldearen motorra garai txarretan»

Talde gorritxoaren atzeko lerroan erabat egonkortuta dago Vidal, eta, euren jokatzeko moduari fidelak izanez gero, taldea «edozeini» aurre egiteko gai ikusten du. Realaren aurka partida «polita» espero du.

JESUS DIGES / EFE.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Egunon» esanez sartu da Nacho Vidal (El Campello, Herrialde Katalanak, 1995) Taxoareko prentsa aretora. Sevillaren aurkako porrotean, denboraldian lehenengo aldiz, jokatu ez bazuen ere, Osasunako eskuin hegaleko jabea da azken lau sasoietan. Uztailean 2025era arteko kontratua sinatu zuen talde nafarrarekin, eta «beste urte asko» jarraitzeko asmoa du: «Oso pozik nago hemen, eta oso maitatua sentitzen naiz». Elkarrizketa noiz eta euskaraz argitaratuko den galdetu du. «Jagobari [Arrasate] eskatuko diot itzulpena egiteko».

Etxetik kanpo zeneramaten bolada bikaina amaitu da. Ia ezinezkoa zen horri eustea.

Partida oso zailak irabazi ditugu. Vila-realen zelaian ez dut uste talde askok punturik lortuko dutenik, eta Bernabeun, golik jaso gabe, balio handiko puntu bat eskuratu genuen. Sevillak partidaren arlo guztietan gainditu gintuen: hobeak izan ziren eta kito, ez zaio garrantzia gehiago eman behar. Gauzak ondo egiten ari gara, eta porrotak etorriko diren arren, gure jokatzeko moduan sinisten jarraitzen badugu, garaipenetik gertuago egongo gara porrotetik baino. Talde hauen aurka lehiatzeko gai gara, baina, aldi berean, partida ia perfektuak egin behar ditugula ere jakin behar dugu.

Real Madrilen aurkako partida aipatuta, posible da horrelako neurketa batean disfrutatzea?

Bai, futbola ez delako soilik baloi jabetza izan eta erasoan aritzea. Agerikoa da baloia duzunean eta protagonista zarenean gehiago gozatzen dela, baina nik bestelako lan eta neurketa horietaz ere disfrutatzen dut. Partida ezberdinak dira, baina lehiatzeaz eta taldekideei laguntzeaz ere goza daiteke. Lan hori ezinbestekoa da neurketa guztietan.

Reala eta Atletico Madril taldeak dira hurrengo aurkariak. Egutegiaren zatirik zailenean zaudete?

Bai, hala esango nuke. Azken jardunaldietan eta hurrengoetan izango ditugun aurkari gehienak ziur nago liga amaitutakoan aurreneko sei sailkatuen artean izango direla. Realaren aurkako neurketaren zati askotan sufritzea tokatuko zaigu, baina Santiago Bernabeun erakutsi dugu horretarako gaitasuna badugula. Ez gara une oro protagonistak izango, baina horretarako prestatuta gaude. Horrelako aurkarien aurka partida handi bat egiten duzunean konturatzen zara edozeini aurre egiteko gai zarela.

Lehen itzuliari ginga jartzeko etxean emaitza hobeak lortzea falta zaizue. Jagoba Arrasatek esan izan du Sadarren jokatu dituzuen partidetan emozioak eta kemena hobeto kontrolatu behar dituzuela. Iritzi berekoa zara?

Ados nago. Sadarren jokatutako partidetako momentu batzuetan erasokorregiak izan gara, eta horren ondorio zuzena taldea taktikoki apurtzea izan da. Kemen hori gure jokatzeko moduaren parte da, gustatzen zaigu, eta ez dugu galdu behar, baina ondo kudeatzea ere garrantzitsua da: partidak landu egin behar dira. Valentziaren edo Betisen aurkako porrotek asko erakutsi ziguten.

Iruditzen zaizu Sadarrek gehiago baloratzen duela jokalari batek lan egiteko duen gogoa kalitatea baino?

Zalantzarik gabe. Iritsi nintzenean hori izan zen aipatu zidaten gauzetako bat, baina bizi duzun arte ez duzu erabat sinisten. Lana eta berdegunean dena ematea negoziaezina da hemen. Hori eginez gero zaleak zurekin daude. Nekatuta egon arren, lan hori egitea gustagarria da, Sadarrek saritu egiten zaituelako.

Valentziako harrobian hazitako jokalaria zara. Mestallara joaten diren zaleak oso ezberdinak dira?

Valentziako zaleak askoz ere exijenteagoak dira. Momentu onetan zale bikainak dira, baina momentu txarretan, exijentzia horrengatik, hemengoek baino askoz ere azkarrago galtzen dute pazientzia. Garai onetan edonor batzen da festara, baina gauzak ondo ez doazenean demostratu behar da hor zaudela, eta Osasunako zaleek hori egiten dute. Momentu txarrenetan ere taldearen motorra eurak izan dira.

Valentziar batzuk bazaudete taldean. Zergatik egokitu zarete hain ondo klubera zein Nafarroara?

Futbolaren munduan ezberdintasun geografiko horiek txikitu egiten dira. Nik beti esan dut Osasunako aldageletara sartu nintzen lehen momentutik bat gehiago sentitu nintzela. Taldekide gehienak lagunak ere badira, hiria bikaina da, eta etxean bezala nago. Kaletik edo sare sozialetan beti babesa, animoak eta errespetuzko hitzak jasotzen ditugu, eta horregatik sentitzen gara Ruben Garcia edo niOsasunarekin eta Nafarroarekin hain identifikatuta.

Oso pozik nago, oso maitatua sentitzen naiz, eta beste urte asko egin nahi nituzke hemen: klubak eta hiriak merezi dute urte luzez Lehen Mailan jarraitzea.

Reala jasoko duzue gaur Sadarren. Talde gipuzkoarretik zer nabarmenduko zenuke?

Oso ondo landuta dagoen talde handi bat da. Nork jokatzen duen baino, jokatzeko duten modua eta ideia nabarmenduko nituzke, aldaketak egin arren ia ez dutelako nabaritzen. Atletico Madrilen aurka gai izan ziren ohikoa ez duten sistema batekin aritu eta madrildarrak ataka estuan jartzeko. Gauzak oso zail jarriko dizkigute, baina gu ere ondo gaude, eta edozeinen aurka lehiatzeko gai gara. Partida polita izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.