Alavesek eta Athleticek ez dute atzean gelditu gura

Babazorroek jaitsierako postuetatik aldentzea dute helburu, eta zuri-gorriek Europako postuetara gerturatzea dute asmo

haritz gallastegi
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Alavesen eta Athleticen artean hamaika punturen aldea dago. Babazarroak jaitsiera postuetan daude, eta zuri-gorriak, sailkapenaren erdialdean. Hasieran helburu ezberdinekin egingo diote aurre denboraldiaren bigarren erdiari. Etxeko taldea mailari eusteko behar dituen puntuak pilatzen ahaleginduko da. Athleticek, berriz, Europa du amets. Baina bi taldeak Mendizorrotzan lehiatzen hasten direnean ez da sailkapenak erakusten duen alderik ikusiko. Bada, opari gutxien egiten dituenak irabaziko du derbia (18:30, Movistar).

Alavesek norabidez aldatzea erabaki du urte hasierarekin batera. Horretarako, Jose Luis Mendilibarren aldeko apustua egin du. Zaldibarkoak nortasuna emango dio taldeari. Alaves talde ausarta izango da hurrengo asteetan: presio handia egingo du, atzeko lerroa ia zelai erdian ikusiko da, eta ahal duenean baloia arean jartzen saiatuko da. Lehen aukeran errematatzerik ez badago, aldaratzeak baliatzen ahaleginduko da. Jokalariek Mendilibarren mezua barneratzen badute, taldeak salbazioa lortzeko aukera izango du. Mendilibar ohituta dago egoera zailei aurre egiten.

Athletic, berriz, ereindakoa jasotzen hasi dela dirudi. Lehen itzulian partida on asko jokatu ditu, baina zelaian egindakoak ez du islarik izan emaitzetan. Aurrelariek duten jo falta garesti ordaindu du. Azken partidetan, ordea, eraginkorrago agertu da, eta, horri esker, garaipenak lortzen hasi da. Athletici konfiantza sumatzen zaio, baina Europako lehian sartzeko garaipen asko kateatu beharko ditu. Etxetik kanpo San Mamesen baino erosoago ikusten da.

Hamaikakoei dagokienez, Mendilibarrek lehen taldeko bi atezainak berreskuratuko ditu: Pacheco eta Sivera. Gainera, koronabirusak eraginda hutsuneak izango ditu. Athleticen, Marcelinok aukera izango du Sadarren garaipena eskuratu zuen hamaikakoa errepikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.