Jose Maria Casado. Irakasle erretiratua

«Ikusmena galtzean, egunero berriz hasteko prest egon behar duzu»

Irakasle izan da Casado, eta irakasgai anitz emateko gai da solasaldi batean. Ikasten eman du bizitza: formatzeko lehenik, itsu geratu zelako ondoren. «Agudo» onartu zuen egoera, eta horri egokitzen ikasi. Ikasten ari da oraindik ere, unibertsitatean.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iruñeko Azpilagaña auzoan pertsona ezaguna da Jose Maria Casado (Puente Genil, Espainia, 1954). Hemingway ostatuan dago, auzokoekin solasean. Txema deitzen diote denek. Irriz ari dira, nor bere mahaitik. Irakasle erretiratua da Casado, baina ez da auzolanetik inoiz erretiratu. Erretinosi pigmentarioaren ondorioz ikusmena galdu zuen duela bi hamarkada. Beti lanean aritu da dena denen eskura egon dadin.

Noiz etorri zinen Iruñera?

Lezkairura bizitzera etorri ginen 1962an. Aita zerbitzari etorri zen. Aurretik ere bazen, profesionala. Herriko gizon talde bat feriaz feria joaten zen: martxoan Valentziako falletan hasi, eta Sevilla, Madril, Burgos, Iruñea, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Santanderreraino. Herrian ostatua genuen, eta ama geratzen zen arduradun, baina nazkatu zen. Azkenean, Iruñera.

Zuri ere tokatzen zitzaizun ostatuan aritzea?

Eskolarik ez nuen egunetan goizean joaten nintzen aitari laguntzera: botilak prestatu, garbitu...

Irakasle izan zara. Bokazioa zenuen edo zerk erakarri zintuen?

Beti maite izan dut irakaskuntza, eta argi nuen. Valladoliden ikasketak bukatu bezain pronto hasi nintzen lanean, Zaragozan, adinez gutxikoen babeserako eskola batean. Arbelaren ondoan polizia bat nuen, serio antzean, eskuburdinak, borra eta guzi. Ikaragarria zen. Gero Bartzelonan aritu nintzen, eta han asko hunkitu ninduten afera batzuengatik irakaskuntza albo batera utzi nuen. Krisi bat izan nuen lanbidearekin, eta aitari lagundu nion urte betez ostatuan. Gero berriz ekin nion irakaskuntzari, Valladoliden.

Orduan hasi zinen UNEDen Filosofia eta Zientziak ikasten?

Bai, baina sartu nintzen ez nuelako soldaduska egin nahi. 28 urterekin esan zidaten: «Edo heldu zara edo ekartzen zaitugu», eta Melillara joan behar izan nuen. Zaharrena nintzen, eta etxeko kaboa izatea proposatu zidaten: ostatua eramaten eta.

Noiz hasi zinen irakaskuntza berezituarekin?

Pedagogia terapeutiko izateko bost plazetako bat lortu nuen oposizioan. 1985ean Hezkuntzako Integrazio Plana onartu zen, eta eskolei aukerak ematen zizkieten haur kopurua jaisteko. Eskolak 40koak ziren, eta klasean desgaitasuna edo arazoren bat zuten bi haur hartuz gero, ratioa 25era jaisten zuten. Hori egin zuten inork ez zuelako hartu nahi Downen sindromea zuen haurrik edo itsurik edo gorrik... Behar bereziak zituzten haurrak artatzeko babesa ematen zuten lehen irakasleak izan ginen Nafarroan.

Ongi joan zen hasiera hura?

Ez gintuzten nahi, irakasleek ez zuten nahi inor haien klasean sartzerik. Poliki-poliki lortu genuen beste irakasleek gure lana aitortzea eta babestea.

Ez zuten ikusten ikasle bakoitzak bere beharrak dituela?

Pentsamolde hori ez zen existitzen oraindik. Irakasleak klasea ematen zuen: jarraitzen zuenak ongi, besteak hor konpon. Ez zen pentsatzen jende ezberdinari arreta ezberdina ematea.

Noiz jakin zenuen itsu geratuko zinela?

1986an. Oftalmologoak esan zidan: «Bada, itsu geratuko zara». Harri eta zur geratu nintzen. «Noiz?», galdetu nion, eta berak ezin zuela jakin. Hurrengo urtean Zizurren ari nintzen irakasle, eta inoiz gertatu zitzaidan jolastokian ezin nituela haur guziak ikusi. Izan ere, erretinosi pigmentarioarekin soilik parez pare begiratzen duzuna ikus dezakezu, ez alboetakoa. Beraz, ezin nuen haurrekin jarraitu. Orduan jakin nuen bazirela talde bereziak gurpildun aulkia duten haurrak, itsuak, gorrak eta abarri arreta emateko. Nafarroako ikusmen gabeziarako horrela deitzen zen arreta taldean sartu nintzen. Talde guziak batzeko ideia sortu zen orduan, eta CREENA sortu genuen. Bideak irekiz joan ginen. Garai horretan Nafarroa aitzindaria zen hezkuntza berezian.

Orain ez da aitzindari?

Orain dena lausotzen ari da, galtzen hasi da. Hasi ginenak gogo biziz hasi ginen, eta ez zegoen formazio handirik unibertsitateetan; beraz, geure kabuz joaten ginen kongresuetara. Etengabe ari ginen ikasten, eta batekin eta bestearekin hitz egiten. Mugimendu pedagogiko gehiago zegoen.

Lanean ez ezik, itsu geratzeak zure bizitza osoan eragin zuen. Nola kudeatu zenuen?

Agudo onartu nuen, astebete baino gutxiagoan. Oro har, nahiko errealista eta positiboa naiz. Neure burua prestatuz joan nintzen. Berehala pentsatu nuen antzeko arazoak zituztenen elkarteren batean sartzea. Azkenik, oftalmologiako azterketetan elkar ezagutu genuen zenbaiten artean sortu genuen Nafarroako Retina elkartea, 1994an.

Zer behar zenuten elkarte hori sortzeko?

Elkartzeko, hitz egiteko eta gure etorkizuna nolakoa izanen zen ikusteko beharra. Egunero galtzen duzu ikuseremua, eta aurreratuago duenak esaten ahal dizu zer pauso eman. Bestalde, osasun alorrean borrokatu behar genuen, orduan ez baitzekiten askorik erretinosi pigmentarioari buruz. Presa sartu behar genien, eta gure beharrak aldarrikatu.

Zer ikasi behar izan zenuen ikusmena galdu ondoren?

Lehenbizi ikasten duzuna da bizitzaren erritmoa moteldu behar duzula. Eta zaila da, aizu! Toki batera ezin duzu presaka joan, bidea antolatu behar duzu. Berdin irakurtzeko edo ordenagailuan ibiltzeko. Lehen hamar minutu kostatzen zitzaizuna orain ordu erdi kostako zaizu. Bestalde, egunero berriz hasteko prest egon behar duzu, gaitz hau saltoka doalako.

Antzerkia itsuentzat ere izan daitekeela demostratu zenuten.

Antzokira eta zinemara joatea izugarri maite nuen, eta ikusi genuen bazela antzerkian audio deskripzioa erabiltzeko aukera. Gaiarren baiezkoa emanda, lehenbiziko obra oso zaila zen, hamabi pertsonai baitziren: La dama no es para la hoguera. Libretoaren gainean oharrak hartu, eta Mikelek egiten zuen esatari lana. Deskribapenak egiten dira, baina soilik ezinbestekoak direnak. Gainera, aktoreak isilik daudenean egin daitezke soilik.

Eta zineman nola zen?

Berdin, zuzenean egiten genuen. Iñaki Anublak prestatzen zituen gidoiak, eta hiru lagunen artean irakurtzen zituzten. Orain dena automatizatu da, baina zuzenean egiten genuen hasieran. Erotuta geundela esan ziguten, baina orain zabaldu egin da. Ukitzeko erakusketak ere egin genituen.

Bestelako elkarteetan ere aritzen zara, Azpilagañako jai batzordean, adibidez. Ezin duzu geldirik egon?

Bizi naizen tokian ibiltzea eta gauzak egitea maite izan dut beti. Jendea gustura egotea sustatu behar da. Auzoarekin eta kulturarekin lotutako gauzak antolatzen aritu naiz: bestak, Pintxoen Astea edo Musikaren Astea, esaterako.

Beste ikuspegi bat gehitzen duzu horrelako tokietan?

Beti pentsatu dut hori: bada, zailtasun ezberdinengatik, gauza askotaz goza ezin dezakeen jendea. Beti saiatu gara ekitaldi guziak guzientzat izan daitezen.

Sentitu duzu inoiz ingurukoek ez zaituztela ulertzen?

Uste dut proposatu ditudan gauza asko ez direla hasieran ulertu. Noski, nire bizipenak oso ezberdinak dira beste batzuekin alderatuta. Baina horri ez diot garrantzirik ematen: saiatzen naiz besteari hori nolabait ulertarazten.

Lehen ikusten zenuen. Mantendu dituzu oroitzapen bisualak?

1993an oso gaizki ikusten nuen; 2000n deus ere ez. Baina Iruñeko lehengo planoa buruan dut; billabesa hartu eta ongi kokatzen naiz. Gauzak ezagutzeko, oroitzapen asko ditut: ikusi ditut aireportua, mendiak, ibaiak, Orreaga, Erreniega, errotak... Oroitzapenak baliagarri zaizkit gauzak ulertzeko. Koloreak ere ezagutzen ditut. Ikusmena gazte galtzen dutenek berehala atzentzen dituzte.

Zerbait deskribatzen badizute, buruan irudi bat sortzen duzu?

Bai. Ezagutzen ditudan pertsona guzien irudi bat dut buruan, nahiz eta seguruenik ez den erreala izanen. Nire kuadrillakoak gazteago, ilearekin eta tripa gutxirekin gogoratzen ditut, baina 60 urte dituzte orain. Ahotsa irudiari lotzea bikain datorkit. Ahots ezberdinak maite ditut: tonuen ñabardura asko hartzen ditut, eta ahotsarengatik badakit jendea haserre edo triste dagoen.

Unibertsitatera itzuli zara. Ikasteko gogoz?

Elkarte askotan egon naiz, eta arazoak aditzea eta aholkua ematea tokatu zait frankotan. Antzeman nuen argumentuak eta jakintzak betetzeko beharra nuela. Gainera, psikologia ikasi nahi izan dut beti, eta NUPen paratu zuten.

Ez da adinik unibertsitaterako?

Ez, noski. Egunero 20-22 urteko pertsonekin egoteak eta haiek aditzeak burua irekitzen dit. Adibidez, orain kezkatzen nau transexualitatearen gaiak. Uste dut psikologiatik modu osatuagoan erantzun behar zaiola. Askotan detaileei erreparatzen diegu, eta ez pertsona hori osoa dela. Nik eztabaidak nituenean oftalmologoekin, izaten zen ikusmenaren mediku zirelako. Aizue, bi begi horiek gorputz batean daude. Ikusmena baino gehiago gara gu.

Aurreiritziak gainditu behar direla, alegia?

Nik badut alde on bat: ez dut aurreiritzi bisualik. Arreta jartzen duzue bestearen orrazkeran, jantzietan, mutil bat neska baten modura ibiltzen dela... tontakeriak dira horiek. Pertsonak dira, logika, inteligentzia, behar, sentimendu eta emozio batzuk dituztenak, gaitasun handi batekin bizitzeko, gauzak egiteko eta berritzeko. Ez dago beste aukerarik: mundu hau berritu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.