1995etik izan den hartz kopururik handiena dago Pirinioetan: 70

Animalia horren aldeko taldeek oraindik ez dute ziurtzat jo espezieak irautea Pirinioetan; egoera bereziki ahula da mendebaldean

Sorita hartza, Pirinioetan. VINCENZO PENTERIANI/CSIC.
Iñaki Petxarroman
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Hartz populazioa handitu egin zen Pirinioetan 2021ean: 70 hartz zenbatu zituzten, 2020an baino %9 gehiago, orduan 64 atzeman baitzituzten.

Hartz arrearen Frantziako sareak egindako behaketaren arabera, iazko errekorra gainditu egin da 2022an. «Demografiari dagokionez, pozgarria da, baina gai genetikoak, endogamiaren arazoarekin lotutakoak, bere hartan dirau», adierazi zion atzo Patrick Leyrissoux Ferus elkarteko presidenteordeak AFP agentziari, txostenaren aurkezpenean. Arazo hori zuzentzeko, hartz arrearen aldeko taldeek Parisi eskatu diote espezie horretako kide gehiago sartzeko, haien presentzia iraunkorra bermatze aldera, Europako Batzordeak eskatu bezala. Sareak 15 kideko zortzi umealdi atzeman zituen. Haien kalkuluen arabera, 70 hartz daude mendikatean: 34 eme, 32 ar eta sexua zehaztu gabeko beste lau... Euskal Herrian, Okzitanian, Aragoin, Andorran eta Katalunian bizi dira hartzak, 6.500 kilometro koadroko eremu batean.

Pirinioetako hartz populazioak ia etengabe egin du gora 1995etik. Orduan, 10 hartz baino gutxiago erregistratu zituzten. Ordutik, Esloveniatik heldutako hainbat hartz sartu dituzte Pirinioetan, eta hala, poliki-poliki hobetuz joan da espeziearen egoera. Pays de l'ours-Adet elkartearentzat, ordea, haien iraupena oraindik ez dago ziurtatuta, eta egoera are eta ahulagoa da mendebaldean.

Hartzek abereei egindako erasoen ondorioz, abeltzainek gaitzetsi egin dute administrazio publikoak espezie horretako animaliak bultzatu izana. Hartzek ganaduaren aurka egin dituzten erasoek tirabirak sortu izan dituzte abeltzainekin, eta artaldeak babesteko beharrezkoak diren bitartekoak martxan jartzeko eskatu diete gobernuei. Azken urteotan hainbat hartz azaldu dira tiroz hilda. Iaz, esate baterako, ehiztari batek hartz eme bat hil zuen Okzitaniako Pirinioetan, basurde ehizan ari zela, animaliak eraso egin ziola argudiatuta. Azken bi urteotan lau hartz hil dira gizakien tiroek jota Pirinioetan, Ferusek jakinarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.