Realak eta Athleticek Euskal Herria kopako finala jokatuko dute gaur

Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Denboraldiko lehen derbia eta finala jokatuko dute gaur Realak eta Athleticek: Euskal Herria kopako finala. Azpeitian (Gipuzkoa) jokatuko da, 16:00etan, Garmendipe futbol zelaian. Euskal Herria Kirola elkarteak antolatzen du txapelketa, eta bederatzigarren aldia da hau. Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako ordezkariak balorazio positiboa egin du: «Hazten ari da txapelketa, bai parte hartze kopuruarengatik, baita ospe aldetik ere. Gero eta ikusle gehiago etortzen dira; oso pozik gaude, eta urratsak egiten jarraitu nahi dugu».

Finalean dauden bi taldeen artean banatu dituzte orain arteko titulu guztiak. Azken sei ekitaldiak irabazi ditu Athleticek, eta, guztira, zazpi aldiz izan da txapeldun. Realak, berriz,behin bakarrik irabazi du, 2012an; hala ere, lehia estua izatea espero da, eta ez dago faborito garbirik. «Orain arte Athletic izan da nagusi txapelketa honetan, baina Realak iragan denboraldi ikusgarria egin zuen. Finala oso lehiakorra izango da: ez da lagunarteko bat; titulu bat dago jokoan; goi mailako kirol ikuskizuna izango da», azpimarratu du Zurutuzak.

Realak Alavesen aurka jokatu zuen finalerdietako partida, eta1-0 nagusitu zen. 91. minutuan sartu zuen Leire Bañosek finalera sailkatzeko balio izan zion gol erabakigarria. Athleticek, berriz, bana egin zuen Eibarren aurka; 92. minutuan sartu zuen berdinketaren gola Oihane Valdezatek, eta talde zuri-gorria penaltietan sailkatu zen finalerako. Guztira, hamabi euskal taldek hartu dute parte aurtengo Euskal Herria kopan: Oiartzunek, Añorgak, Eibarrek, San Inaziok, Bizkerrek, Alavesek, Mulierrek, Berriozarrek, Avironek, Genetsek, Realak eta Athleticek.

Realak eta Athleticek irailaren 8an ekingo diote ligari, igandean, eta finala, denboraldi-aurreko azken-bigarren neurketa izango da bi taldeentzat. Beraz, puntu-puntuan iritsiko dira.

Finalerako sarrerak salgai daude oraindik. Garmendipeko leihatila zabalik egongo da gaur, eta Euskal Herria Kirolaren webgunean ere eskuratu daitezke. Zortzi euroko prezioa dute sarrerek; 14 urtetik beherakoek eta Lagun Onaken bazkideek, berriz, partida doan ikusteko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.