Merkataritza elektronikoa. Amazonen itzala

Iraganeko jazarpenen oihartzun hurbilak

AEBetan eta Europan Amazonen sindikalismoaren kontrako jokaerak gero eta nabarmenagoak dira. AEBetako langile mugimenduaren mamu beltzetako bat ere kontratatu du, gainera: Pinkerton agentzia.

Pinkerton agentziako gizonak eskirolak babesten, meatzarien greba batean, 1884an, Ohion (AEB). JOSEPH BECKER.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Erraldoi digitalekin zer egin eztabaidan, saihets ezina da AEBetako Gilded Age arora begiratzea. Rockefeller, Standard Oil... Garai hartako oihartzun ilunak ekarriz, eta Amazonekin lotuta, beste izen ezagun bat ere agertu da berriz hedabideetan orain gutxi: Pinkerton.

Bezosen konpainiaren barneko dozena bat txostenetan oinarrituta, erreportajea argitaratu zuen azaro amaieran Vice komunikazio taldeko webgune batek. Erakusten zuen nola Amazoneko segurtasun adarrak ahalegina egiten duen Europan mugimendu sindikal, sozial eta ekologistak behatzen. Horretarako, besteak beste, Pinkerton agentzia kontratatu duela, biltegietako langileei buruzko informazioa biltzeko.

2019ko barne txosten horietako batean azaltzen da nola Pinkertoneko espioiak txertatu zituzten Wroclawko (Polonia) biltegian, ikertzeko zuzendaritzak hautagai jakin batzuk entrenatu ote zituen, kontratazioa lor zezaten. Soslai faltsuen bidez, sare sozialetan langileen iritziei edo beste talde batzuetako ekintzaileen mugimenduei buruzko informazioa ere bildu dute. Amazonek berak baieztatu egin du Pinkerton kontratatu izan duela, «balio handiko gaiak zaintzeko bidean dauden artean».

Hori bai, lapurretak edo mehatxuak ikertzeko modu horiei esker, Amazonek badaki bere biltegietan, sare sozialetan, eta banatzaileen artean sindikalismoaren arloan egiten diren mugimendu guztien berri; zenbat jende bildu den, zein, noiz, non, zenbat denboraz, zertarako... Eta halakoak zehatz-mehatz daude jasota zenbait txostenetan.

Ez da lehen aldia, sindikatuen eta langileen antolakuntzaren kontrako jazarpenak Pinkerton izenarekin lotzen direla. 1850. urtean sortu zuen agentzia AEBetan Allan Pinkerton eskoziarrak, mendebalderantz hedatzen zihoazen trenbideen egile handiei segurtasun eta zaintza zerbitzu pribatua emateko. Gaur egungo Blackwater moduko bat zen. Gero eta handiagoak ziren industria taldeak bezero, Pinkerton ere gero eta handiagoa bilakatu zen, plutokraten armada pribatua.

Agentziaren lanik inportanteenetako bat langileak eta sindikatuak espiatzea eta jazartzea zen; grebak eta ekintzak zapuztea, indarkeria eta sabotajea erabilita. 1877. urtetik 1892. urtera Pinkertonen armadak 70 bat greba handi leherrarazi zituen.Milaka langile zituen infiltratuta sindikatuetan.

XX. mendeak aurrera egin eta monopolioak ahultzen joan ahala, lan harremanerako eta negoziaziorako esparruak sortu ziren AEBetan, eta Pinkertonen eta enparauen jokabideak agerrarazten zituzten auzibideak ugaldu egin ziren. Gauzak horrela, agentziaren lan ildo nagusia babes pertsonaleko zerbitzuak eskaintzera aldatu zen. Pinkerton 1999an erosi zuen Suediako Securitas zaintza pribatuko multinazionalak —Securitas Direct eta Verisureren jabeak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.