LIGAREN EREDU BERRIA

2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Profesionalizatzeko urratsa egin ostean, ligak bestelako antolaketa eredu bat izango du aurrerantzean, eta aldatu egingo dira zenbait arlo. Guztiak argitzeko faltan, hona gako batzuk:
Izena. Hasieran, Emakumezkoen Lehen Maila deituko zaio ligari. Babesle nagusi bat sartuko balitz, haren izena hartuko luke txapelketak.
Txapelketa eredua. Hamasei taldeko liga bat izango da datorren sasoian, joan eta etorriko jardunaldiekin. Etorkizuneko kopurua aldakorra izango da, klubek erabakitzen dutenaren araberakoa.
Antolaketa. Futbol liga profesionala izango den heinean, Espainiako Federazioak antolatzeari utzi, eta beren-beregi sortutako elkarte batek kudeatuko du txapelketa.
Kluben Elkartea. Orain sortuko dute. Zuzendaritza Batzordeak hautatutako presidente kudeatzaile bat izango du, hamasei klubek onartutakoa. LFPren elkarte baliokidea izango da.
Estatutuak. Klubek adostu eta idatziko dituzte. Behin osatuta, CSDk berrikusi, aztertu eta onartuko ditu, gero Kirol Erakundeen Erregistroan izena eman ahal izateko.
CSDren eginkizuna. Lehen hiru urteetan, 2024ra arte, txapelketaren bilakaera zaintzeko ardura izango du. Zenbait erabakitan esku hartzeko ahalmena izango du, eta sortuko duten Ligako Elkartearen eta Espainiako Federazioaren arteko negoziazioak eta harremanak gainbegiratuko ditu.
Telebista eskubideak. Guztiak batera saltzea da asmoa, eta, ahal bada, plataforma bakarrari. Gaur-gaurkoz, bi zatitan banatuta daude. Hamabi klubek Mediaprorekin dute hitzarmena, eta gainerakoek, Espainiako Federazioarekin. Liga berriari dagokionez, Espainiako telebista publikoak eskubideak bereganatzeko interesa azaldu du.
Ellas proiektua. Fundazio bat sortuko dute. Liga berriak sortzen dituen mozkinen zati bat emakumezkoen futbola gizarteratzeko proiektuetan banatzea du xede.
Hitzarmen kolektiboa. Profesionalizatzeak ez dakar berekin lan baldintzak hobetzea. Etorkizuneko negoziazioetan landuko da gai hori.
Desorekak murriztea. Kluben arteko arrakala kontuan, bitarteko gutxien dituztenei laguntzak ematea onetsi dute, gutxieneko baldintzak bete ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.