Trena dator, eta leku gutxi dago

Euskotren ligan sartzeko bi estropadak jokatuko dituzte emakumezkoen hamabi taldeek gaur eta bihar. Laurentzat dago saria: ligako beste hamabi estropadak jokatzea.

Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Geltokia jendez gainezka dago, eta badator trena. Denek nahi dute eserita joan, eta trena geltokian geratu orduko, barruan lekua bilatzeko lehian hasiko dira orain kanpoan daudenak. Baina batzuek bakarrik lortuko dute saria: lehen laurek.

Portugaleten, gaur arratsaldean, hamabi traineru egongo dira zain, uretara noiz joango. Han daukate zain Euskotren ligan aritzeko saria, baina ez dago lekurik denentzat, eta lau taldek baino ez dute beteko asmoa. Erlojuaren aurka ariko dira arraunlariak(18:00, ETB1), baita bihar ere Zierbenan (11:45, ETB1). Bi egunetan lorturiko puntuen arabera, lau aurrenekoek izango dute aukera ligako beste hamabi estropadetan aritzeko.

Lanik errazena San Juanek dauka, iazko txapelduna izateagatik. Gaur edo bihar aurreneko bostetan egitea nahikoa izango du sailkatzeko. Beste 11 taldeek ez dute halako abantailarik edukiko. Pasaitarren atzetik, edo aurretik zergatik ez, Oriok dauzka aukera gehien sailkatzeko. Aurrerapausoa eman du aurten ere taldeak, eta faboritoa da. Iaz liganaritu zen Arraun Lagunak, etaematen du aukera dezente duela sartzeko. Gero hasiko dira komeriak, atzetik hainbat talde daudelako lehian.

Amaia Sexmilo (Donostia, 1989) da Arrauneko arraunlarietako bat, eta ez du ezkutatu euren asmoa dela Euskotrenen sartzea: «Urteko helburuetako bat dugu, eta espero dut barruan izatea, iaz lortu genuelako sailkatzea eta aurten taldearen mailak gora egin duelako».

Iaztik aldaketa batzuk izan dituzte taldean: «Bederatzi arraunlarik utzi zuten, eta horregatik talde berri samarra gara. Etorri direnak arraunean ibilitakoak dira. Horrek gauzak erraztu dizkigu».

Ligan aritzeko ia ziur sailka daitekeen taldetzat hartzea ez du presiotzat: «Talde barrutik ez gara ari geure burua estutzen, baina kanpotik ari dira esaten barruan izan behar dugula, eta horrek sortuko digu, agian, presioa». Kezka puntu hori gainetik kentzeko badaki zer egin behar duten:«Gauzak dakigun bezala egiten baditugu, barruan izango gara». Garrantzia eman dio urduritasunak gaina ez hartzeari: «Lasaien arraun egiten dutenak sailkatuko dira».

Aurkarien artean, bi talde ikusten ditu goian: «San Juan eta Orio koska bat gorago daude, eta beste hautagaien artean Deustu eta Hondarribia ondo ari dira. Hibaikaren zalantza daukat, ea zein den haren benetako maila, etaA Pobra-Cabo galiziarren inguruan, uste dut ez gaituztela asko kezkatu behar».

Hondarribiarekin ariko da asteburuan Esti Gezala (Hondarribia, Gipuzkoa, 1989), eta Galiziako taldearen inguruan ez dauzka gauzak hain garbi Sexmilok bezala: «Lehian sar daitezke beste askorekin batera: Donostiarra eta Arraun, Deustu, Hibaika, Tolosaldea eta gurekin». Berdintasun handia iragartzen du hondarribiarren patroietako bat eta arraunlari ere badenak: «Estu joango da gauza».

Taldearen inguruan, erabateko ustea erakutsi du: «Konfiantza osoa daukat sartuko garela. Sinetsi egin behar dugu oso indartsu gaudela». Azken estropadetako emaitzak ikusita, onartu du sailkatzeko aukera bezainbestekoa dutela ez sailkatzeko arriskua: «Edozer gerta daitekeela uste dut». Barruan izan edo ez, balioa eman nahi izan dio Hondarribiak egin duen lanari: «Egin kontu, iaz ez ginen gai izan trainerua ateratzeko, eta udazkenean berriz hasi behar izan genuen. Pentsaezina zen ligan sartzeko aukerak edukitzea, eta begira non gauden orain. Magia egin du Ikerrek[Cortes entrenatzailea]».

Gezalak uste du hirugarren eta laugarren postuak daudela dantzan, eta garbi du zein sartuko den: «Gauzak lasaien hartzen dituen taldeak lortuko du saria».

Deustu, presioa kentzen

Iritzi berekoa da Aiala Uribelarrea (Santurtzi, Bizkaia, 1992), Deustuko patroia: «Presioa ahalik eta ondoen kudeatzen duena sailkatuko da». Bere taldea sartzea «sekulakoa» izango zela dio, «berez ez delako helburua guretzat». Badauka taldea Deustuk, baina, barruan izateko: «Ez dut esango sailkatu egingo garela, ez delako egokia esateko, eta arraunean zuhurtzia edukitzea oso garrantzitsua delako».

Beste taldeek eman dezaketenak sortzen dio kezka: «Ez dakit nolako mailan dauden, elkarren berri zehatzik ez daukagulako prestakuntzaren arloan». Bi leku ikusten ditu dantzan, eta hautagai asko barruan sartu ahal izateko: «Inork aipatzen ez dituenak ere hor daude, aipatzen diren horiez gain, eta garbi dago ikuskizun ederra emango dugula bi egun hauetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.