San Antonio festak Igorren. Oscar Marcos. Txirrindularia

«Harrotasun handia da Igorreren izena mundu osoan zabaltzea»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Txirrindularitza egokituko kirolari profesionala da Oscar Marcos igorretarra. Goi mailako lasterketetan aritzen da, eta urtean hainbat hilabete etxetik kanpo igaro behar izaten ditu, baita jaiak ere. Aurten, baina, ebakuntza baten ondorioz, herrian egongo da, eta hori baliatu nahi izan dute herritarrek herriaren izena munduan zabaldu izana eskertzeko. Jaien hasierako txupinazoa botako du bihar.

Herrimin handia izaten duzu lehiaketetara zoazenean?

Askotan, bai. Eta jaiak ere faltan sumatzen ditut: beti gustatu izan zait parrandan ateratzea, baina kirolarekin ezin uztartu ibiltzen naiz.

Igorreren izena atzerrian ordezkatzea zer da zuretzat?

Bertakoa izanik, harrotasun handia da niretzat Igorreren izena mundu osoan zabaltzea.

Ezagutu duzu Igorre baino toki politagorik?

Azkeneko bi lasterketak Italiako Dolomitetan izan ditut, eta toki ikaragarriak daude. Baita Suitza eta Belgika ere. Baina bakoitzari berea: oporretarako, atzerria, eta bizitzeko, herria.

Herriaren babesa sentitzen duzu?

Laguntza handia ematen didate; ekonomikoki, batez ere.

Eta zuk zer ematen diezu bueltan?

Nire kirolarekin lotutako ekintzak egiteaz arduratzen naiz urtean behin. Duatloi moduko bat antolatzen dut, umeentzat.

Harrera ona izaten du?

Ekintza herrikoia izanik, familiak batzen dira. Are gehiago, umeen artean kirola sustatzen laguntzen du; lehiakorra ez den kirola.

Eta ikusgarria da?

Asko gelditzen zaio hori izateko, baina hori lortzeko lanean ari naiz. Nik ere ez nekien zer zen hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.