Errusiako Munduko Kopa

Alemaniak guztiz uxatu nahi du txapeldunen madarikazioa

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bi hankak Munduko Kopatik kanpo izan eta gero, final-zortzirenetako sailka daiteke gaur Alemania. Toni Kroosek 95. minutuan Suediari sartutako golak goitik behera aldatu zuen egungo txapeldunaren panorama. Final zortzirenetan egoteko behar dituen emaitzak hauek dira: Hego Koreari irabaztea, eta Mexikok Suedia mendean hartzea edo berdintzea. Sailkatuko balitz, bazterrean utziko luke azken Munduko Kopetan txapeldunak izan duen madarikazioa. Izan ere, Espainia, Italia eta Frantzia lehen fasean geratu ziren kanpoan. Hego Korea kontrario egokia dirudi horretarako. Lehen bi partidak galdu eta gero, Shin Tae Yongen taldeak miraria behar du sailkatzeko: Alemaniari bi gol edo gehiagogatik irabaztea, eta Mexikok Suediari irabaztea.

Partida 16:00etan jokatuko da, Kazan Arena estadioan. Alemaniak derrigor egin behar ditu aldaketak hamaikakoan. Jerome Boateng erdiko atzelaria zigortua dago txartelengatik. Bi dira hura ordezkatzeko hautagai nagusiak: Niklas Sule edo Antonio Rudiger. Atzealdean ere Thomas Hummels itzul daiteke, osatu baita. Zelai erdian, berriz, ikusteko dago nork ordezkatuko duen Sebastian Rudy, sudurra apurtu baitzuen. Shami Khedira da hautagai nagusia. Ikusteko dago, halaber, Mesut Oezilek Julian Draxler ordezkatuko duen.

Beste partidan, Mexikok nahikoa du Suediaren aurka puntu bat urratzea multzoko buru izateko (16:00, Jekaterinburg Arena). Irabazten badu, gainera, lehen aldia izango da Munduko Kopako lehen faseko partida guztiak irabazten dituela. Txapelketa hasi aurretik kritika gogorrak jaso zituen Juan Carlos Osorio hautatzaileak, baina egoera iraultzea lortu du. Oraingoan ere Velak eta Chicharito Hernandezek aurrean erakutsi ohi duten eraginkortasuna baliatu nahi du.

Suediak eskura izan zuen sailkapena. Baina kolpea jaso zuen Alemaniaren aurka, azken unean galdu eta gero. Final-zortzirenetan egoteko irabazi egin behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.