Athleticek eta Osasunak bolada onari jarraipena eman nahi diote

Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Athleticek aspaldi ez bezala ekin dio denboraldiari. Zazpi puntu eskuratu dituzte zuri-gorriek orain arte, eta azken neurketan 0-4 irabazi zuten Cadizen. Hiru neurketetan ez diete golik sartu, eta modu berean amaitu nahi dute gaurko neurketa ere. Bolada onaz gain, Ander Herrera fitxatu izanak ere ilusioz bete ditu zaleak. Berriro jantz dezake elastiko zuri-gorria gaur.

Espanyol hartuko dute bizkaitarrek San Mamesen (16:15, Gol). Diego Martinezen taldeak ez du oraindik garaipenik lortu, etapuntuak lortzea beharrezkoa du. Valverderen hitzetan, «entrenatzaile berriak nahi duena barneratzeko prozesuan» dagoen taldea da Espanyol. «Puntu bakarra daukate, baina horrek ez du agerian uzten zer lan egin duten», gaineratu du.

Yuri Bertxitxe eta Mikel Balentziaga min hartuta daude, eta ez dira deialdian egongo. Iñigo Martinez, berriz, osatu da, eta sasoiko lehenengo partidan jokatzeko moduan da. Iñaki Williams ere sartu da deialdian, Cadizen min hartu zuen arren.

Osasunak ere ondo hasi zuen sasoia, baina azken neurketan 0-1 galdu zuen Betisen aurka. Gorritxoek partida ona osatu zuten, baina finago aritu zen Sevillako taldea bi areatan. Sadarrera itzuliko da Osasuna, —hirugarrenez lau partidatan—, eta Rayo Vallecano hartuko dute (14:00, La Liga). Ez Abde, fitxatu berria, deialdian sartu du Jagoba Arrasatek, eta litekeena da debutatzea.

Etxean jokatutako bi neurketak irabazi ditu Osasunak, eta Arrasate «etxean jokatzeak esan nahi duen guztia» berreskuratzeko gogoz agertu zen prentsaurrekoan. Andoni Iraola da Madrilgo taldearen prestatzailea. Usurbildarraren hitzetan, «harrobian gauzak oso ondo» egiten ari da Osasuna.

Bigarren Mailan, aldiz, Eibarrek ostiralean 2-1 galdu ostean, berdinketa lortu zuen atzo Alavesek, Mendizorrotzan, Las Palmasen aurka: 1-1. Abdek jarri zituen aurretik arabarrak, baina bisitariek berdindu egin zuten gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.