Erasoko jokalariak falta dituztela ariko dira gaur Reala eta Athletic

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gozoa izan zen derbiak utzitako aho zaporea Athleticentzat, eta gazia Realarentzat. Baina, batak zein besteak, hori ahaztu, eta ligako beste jardunaldi bati helduko diote gaur: seigarrenari. Athletic izango da jokatzen lehena. Betis hartuko du Lezaman, 11:00etan. Reala, berriz, Granadillaren zelaian ariko da, 18:30ean.

Anoetan emaitza eta joko bolada txarra eten eta gero, zuri-gorriek aurreko igandeko bideari jarraitu nahi diote, hiru puntuak patrikaratu eta sailkapenean gora egiteko. «Igandeko garaipenakegiten ari garenean are gehiago sinesteko balio izan digu. Baina lanean segitu behar dugu, Anoetan egin genuenari jarraipena emateko», adierazi zuen atzo Angel Villacampa Athleticeko entrenatzaileak. Gaurko partidari begira, jokatu ezinik segituko dute Erika Vazquezek, Yulema Corresek eta Ainhoa Alvarezek.

Betisek ez du ondo hasi sasoia. Maria Pry entrenatzailea Levantera joan eta gero, Antonio Contreras buru duen proiektuari kostatzen ari zaio martxa hartzea. Baina azken bi jardunaldietan lau puntu lortu, eta goraka egin du.

Derbiko porrota ahaztera

Antzera gertatzen ari zaio Realaren gaurko aurkariari, Granadillari. Goian egoteko hautagaietako bat zen, baina aurreko igandean lortu zuen denboraldiko lehen garaipena, Madrilen kontra. Reala, berriz, irabazteko xedearekin zelairatuko da. Derbikoa estropezu bat izan zela berretsi nahi du.

Claudia Blanco Realeko jokalaria baikor da. «Athleticen aurka ez zitzaizkigun gauzak ondo atera, baina porrot guztietatik ikasten da, eta horretan ahalegindu gara aste honetan».

Aurkariaren kalitatea nabarmendu du Blancok: «Atzean oso talde indartsua da, eta aurrealdean eskarmentu handiko jokalariak ditu, min handia egin diezaguketenak. Adi ibili beharko dugu». Nahikari Garcia ez da deialdian sartu, min hartuta segitzen baitu. Ezta Ane Etxezarreta eta Ana Tejada ere. Horrenbestez, Gonzalo Arkonadak Athleticen aurkako deialdi bera egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.