Koronabirusak kutsatzeko arriskua koska bat igo dute: moderatu-handia da

ECDCk esan duenez, orain arteko neurriek lortu dute hedapena mantsotzea, baina ez gelditzea

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Mundu osoan zabaltzen ari da koronabirusa, eta herrialde gehienak alertan daude. Epidemiari aurre egiteko hainbat neurri hartzen ari dira, eta gaitzaren kutsatze arriskua koska bat gorago jarri zuen atzo Europak: ECDC Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroak ohartarazi zuenez, Europako Esparru Ekonomikoan —Europako Batasunak, Norvegiak, Islandiak eta Liechtensteinek osatzen dute— moderatu-handia da arriskua. Azken ebaluazioan, otsailaren 29an, berriz, moderatu-txikia zela ondorioztatu zuten. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak erabaki horren funtsa azaldu zuen: «Beste hitz batzuetan esanda, birusak hedatzen jarraitzen du».

ECDCk ohar batean jakinarazi zuenez, orain arte hartutako neurriek lortu dute hedapena «mantsotzea», baina ez hura «gelditzea». Horren ondorioz, neurri berrien beharra ere aipatu zuten: «Baliteke egun hartzen ari diren erabakiak jada ez izatea bitarteko eraginkor bat. Hori gertatuko balitz, ekintzak egin beharko lirateke esfortzu koordinatuak biltzen dituen estrategia prestatzeko. Herritarren osasuna babestu behar da». Azpimarratu dute kutsatuen kasuek nabarmen gora egiten jarraitzen badute inpaktu handia izango lukeela osasun sistema publikoetan, eta horrek «baliabide osagarrien» beharra ekarriko lukeela.

Koronabirusaren hilkortasun tasa ez da altua, baina kutsatu kopuruaren hazkuntza etengabeak urduritu egin ditu munduko herrialde ugari. Oraingoz, 90.000 gaixotik gora eragin ditu gaitzak, eta horietatik 2.500 inguru Europako Batasunean atzeman dituzte. Horrez gain, gainditu egin dute birusa dela-eta hildakoen langa, 3.000 baino gehiago izan baitira. Europaren kasuan, Italia da, nabarmen, herrialderik kaltetuena; azken datuen arabera, 2.000 lagunetik gora gaixotu dira, eta 52 dira hildakoak.

Erantzun taldea

Epidemiak aurrera egitea espero da, eta, hori gelditzeko helburuarekin, koronabirusari aurre egiteko erantzun talde bat sortuko dutela iragarri zuen atzo Von der Leyenek. Bost komisariok osatuko dute: Stella Kyriakides (Osasuna), Janez Lenarcic (Krisiaren Kudeaketa), Adina Valean (Garraioa), Yiva Johansson (Barne kontseilaria) eta Paolo Gentiloni (Ekonomia).

Horrela, taldeak hiru zutabe nagusi landu eta tratatuko ditu, Europan kaltetuenak izan diren sektoreak oinarri hartuta: erantzun medikoa, mugikortasuna eta ekonomia. Estatu kideekin eta Europako agentziekin koordinazioa zentralizatzea da haien asmoa. Osasunari dagokionez, prebentzioan, osasun materialaren eskaintzan eta arintze neurrietan jarriko dute fokua, besteak beste. Arlo ekonomikoan, berriz, turismoa, komertzioa, balio kateak eta makroekonomiaren egoera aztertuko dira. «Herrialde guztiek prest egon behar dute. Globalizazioak leku guztietan utzi du bere aztarna. Ezin gara izua izan, baina egoerak, ziurrenik, okerrera egingo du», azaldu du Lenarcicek. Halaber, Europako Batasuneko presidenteak azkar erantzuteko beharra azpimarratu du: «Egoera konplexu bat da hau, eta ekintza azkarrak eskatzen ditu. Koordinazio indartsua izan behar dugu maila eta sektore guztietan». Gentiloniren esanetan, goiz da inpaktua neurtzeko, baina ezin da hori «minimizatu».

Birusari aurre egiteko ordua

Kaosaren erdian, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere hartu zuen atzo hitza, eta azaldu zuen ez dela erantzuleak bilatzen hasteko garaia, baizik eta elkarlanean birusari aurre egitekoa: «Epidemia amaitzen denean, ikusiko dugu zer egin zitekeen hobeto eta gardentasun handiagoaren beharra ote zegoen. Espero dugu prezio alturik ez ordaintzea ikasgai hau ikasteko», esan zuen Mike Ryan OMEren larrialdi programako zuzendari exekutiboak. «Historiak esango du nork zuen arrazoia eta nork ez», gaineratu zuen. Elkarri edota herrialde jakin batzuei harriak ez botatzeko ere eskatu zuen Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendariak, eta estigma birusa bera baino «arriskutsuagoa» dela ziurtatu: «Haurra nintzenean, esaten zuten kanpoko espazio batean etsai komun bat behar genuela mundua batzeko, baina ez da hala. Egun, badugu denoi eragin diezagukeen etsai hori, eta orain da garaia denok batera borrokatzeko».

Adituek jakinarazi zutenez, Txinatik kanpo kutsatzen ari den pertsona kopurua hangoa baino bederatzi aldiz handiagoa da eguneko. Horrela, esan dute gainerakoek jarraitu egin behar diotela Asiako estatuak hedapena geldiarazteko eman duen «ereduari». «Posible da koronabirusari eustea, eta horrek izan behar du herrialde guztien lehentasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.