gorka julio
IRLEN SAREA

Noraezean

2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Efizientziaren edo errendimenduaren jendarte honetan, ausazko gertakarien desagerpena edota domestikazioa bilatzen dute, gatazka gabeko mundu bat nahi duten horiek. Gatazka gabe, egoera kontrolatu, arautu eta beraz ustiagarriago egin daitekeelakoan edo. Lortzen ari direla iruditu arren, bidean pitzadurak ere sortzen dira.

Algoritmoek kontrolatutako utopiak gure beharrak asetzeko ahalik eta frikzio gutxien behar izatea bilatuko luke. Ausari tartea kendu eta guri egokitutako aukerak edo erabakiak hartzen lagunduko digutela sinesten dute utopia horren defendatzaileek.

Dena algoritmikoki arautzen dugu (harremanak, erabakiak, erosketak...), normalitatea gero eta pertsonalizatuago batean bizitzeko. Gizaki izatetik, edo orain arte izan garenetik, zenbat aldentzen ari garen kontutan hartu gabe ari gara egiten gainera.

Normalizazio pertsonalizatu prozesu horiek hain dira bortitzak, kontrako prozesuak ere sortzen dituztela. Ausari tartea ematea garrantzitsua bilakatzen ari ote gara berriz, baina desagerrarazten saiatzen ari garen heinean?

Flaneurraren figura etortzen zait burura orduan. Flaneurrak modernitatearen pertsonaiak ziren, kalez kale, noraezean, helbururik gabe zebiltzan, baina bidean topatzen zituen gorabehera eta inpresio guztietara irekita zeuden pertsonaiak ziren.

Gure esperientzia fraktala, brokoli baten parekoa da orain. Lehen urrun egin behar genituen gauzak, gertuago aurkitu behar ditugula konturatu gara. Gehiago da, gero eta atentzio gehiago jarri gauza txikietan, gauza handi eta urrunetan bilatzen genuen hori ere aurki dezakegula dakigu orain.

Nahi gabe, espero gabeko gauzekin topatzea aldiz gero eta zailago egiten zaigu. Bakardadearekin gertatzen den sentsazio antzeko bat da oraingoz, noizean behin nahi duzun zerbait, baina aukeratua bada.

Eta, mundu honetan, Randonautica.com bezalako sakelako aplikazioak agertzen dira. Zure ingurunean, ausazko puntu bat eman eta bertan zerbait berezia topatuko duzunaren promesa egiten duten aplikazioak. Fenomeno sozial txiki bat (ziurrenik efimeroa) ere bihurtu dena.

Ausazko gertakariak, topatzearen behar hori asetzeko, sakeleko aplikazio bat behar dugu orain. Algoritmoek araututa, ausazko gertakariak topatzen ibiltzeak, gure jendartearen benetako noraeza erakutsi nahiko baligu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.