UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan (V). Sasoikako langileak

Kartoizko hormak, plastikozko itzalak

Huelvan fruta biltzen aritzen diren ehunka etorkin txaboletan bizi dira, argindarrik, urik eta segurtasun neurririk gabe. Lan sasoia amaituta, beste leku batzuetara mugitzen hasi dira langileak.

60 lagun inguru bizi dira karabanak bisitatutako kanpalekuan. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Lepe
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Eta zuek zertan lagunduko didazue?». Maliko gazte bati arrotza egin zaio Mugak Zabalduz karabanako kideak txaboletara hurbiltzea. Mansourek azaldu dio gertukoak direla: «Migratzaileon eskubideen alde ari dira». Etxola barrutik aulkiak atera dituzte, eta sarreran esertzera gonbidatu dituzte; eguzkiak gupidarik gabe jotzen du uztaileko arratsaldeetan, eta plastiko batek sortutako itzal prekarioaren azpian babestuta hasi dira solasaldia harilkatzen; tarteka frantsesez, apur bat gazteleraz, pasarte batzuk malieraz eta wolofez, eta gainerakoa keinuz. Eta ispilua jarri die berriz maliarrak kanpotarrei: «Zuek zerbait egin dezakezue ni nonbait erroldatzeko?».

Mansour ere etxola batean bizi da, Lepe (Huelva, Espainia) herriaren inguruan dauden kanpalekuetako batean. Senegalgoa da, eta 26 urte ditu; atzo urte bat bete zen Espainia hegoaldera heldu zenetik. «Pateran iritsi nintzen Tarifara; handik Almeriara eraman ninduten, eta gero hona etorri nintzen lagun batzuekin». Lepen, ehunka etorkin bezala, fruta biltzen jardun da azken asteetan: mandarinak, laranjak, ahabiak... Goizean goiz hasten dira lanean, eta eguerdi arte aritzen dira, zazpi orduz. «Oso lan gogorra da». Egunean 30 euro inguru pagatzen diete, agindutakoa baino gutxiago. «Baina legez kanpo ari gara, kontraturik gabe. Gure nagusiek badakite, eta komeni zaie, hala ezin baitugu salatu».

Dena den, txaboletan bizi diren guztiak ez dira papergabeak. Huelvako eragile hainbatek 2017an egindako txostenaren arabera, %74 egoera administratibo erregularrean daude; arazoa da etxebizitza parkea ez dela iristen sasoikako langileen premiak asetzera, eta jabe askok ez dutela etxea alokatu nahi. Instituzioen konponbiderik ezean, auzo paraleloak sortu dira herrietako erdiguneetatik metro gutxira; Lepen, adibidez, langileek bildutako fruta kudeatzen duten pabiloien eta merkataritza zentro handien alboan. Ezkutuan ere ez daude batzuk: errealitate ezaguna dira.

Egurrezko eta kartoizko egitura dute txabolek berez, eta plastikoz estaltzen dituzte, baina askotariko objektuez osatzen dituzte: koltxoiak, supermerkatuetako orgak, ateak, kutxak, auto zatiak... Karabanak bisitatutako kanpalekuan60-70 pertsona inguru bizi dira, lauzpabost etxola bakoitzean, «tamainaren arabera». Denak dira gizonak: «Andreak beste leku batean daude».

Ura, urrun

Gizarte eragileek maiz salatu dute hango bizimoduaren gogorra. Argindarrik ez dute, ezta urik ere, eta, hala, ia ezinezkoa da gutxieneko higiene baldintzak izatea. Ur bila noraino joan behar duten azaldu diote Mansouri, eta harridura keinu batez adierazi du urrun dagoela. «Bizikletaz garraiatzen dute, bidoi handietan».

Astelehenetik asteartera, jantoki sozialean ematen diete bazkaltzen langile etorkinei; gosariak eta afariak, ordea, etxoletan egin behar dituzte. «Gas bonbonekin prestatzen dugu janaria». Han bizitzea arriskutsua ere badela gogoratu du Mansourek: «Etxola batek su hartzen baldin badu, denak erreko dira». Izatez, aurten bi sute larri izan dira Lepeko txaboletan.

Fruta biltzeko sasoia amatu egin da jada Huelvan, eta, beraz, lanik gabe geratu dira ehunka migratzaile. Berriro mugitzea tokatuko zaie egun hauetan: Lleidara (Herrialde Katalanak) joateko asmoa dute, han ere landa eremuan jardutera. Etsipenez mintzatu da Mansour, ingurukoen egoerak erakusten diolako urteak egin ditzakeela horrela, batetik bestera, lan egiteko bermerik gabe, aterpe segururik gabe. Hala ere, bisitan etorri zaizkionak itxaropenez agurtu ditu: «Borroka hau irabazi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.