Kalitatezkoa eta bereizgarria

Sagardogileek bertako sagarrean oinarritu nahi dute ekoizpena, sagardoari balio erantsi bat eman eta sektorea duintzeko. Helburu horrekin sortu zuten Euskal Sagardoa sor-marka 2017an.

Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Kalitatea da euskal sagardogileek gehien darabilten hitza azken urteetan. Gaur egun duten indarra bermatzeko eta, ezinbestean, aurrerapausoak emateko merkatuaren dibertsifikaziorantz eta internazionalizaziorantz. Horretarako, kalitate handiko produktu bat ekoizteaz gain, bezeroei zerbait bereizgarria eskaintzea da sagardogileen asmoa, bertakoa.

Sagarraren jatorrian dago gakoa. Gaur egun Euskal Herrian sagardoa ekoizteko erabiltzen diren sagarren erdiak, gutxi gorabehera, kanpotik ekarritakoak dira. Kalitate zigilu bereizgarri bat osatzeko, ordea, badira urte batzuk sagardogileak eta erakundeak bertako sagarren produkzioa bultzatzen hasiak direla.

Erabat bertakoa den sagardoa Euskal Sagardoa jatorri izenarekin zigilatzen da 2017tik; kalitate bermea duten sagardoek soilik eskuratzen dute zigilu hori. Kalitate probak Fraisoro laborategian egiten dituzte, bai fisiko-kimikoak eta bai organoleptikoak, eta Hazi fundazioak egiaztatzen du prozesu osoa.

Aurkeztu zutenetik helburu bat jarri zuten mahai gainean sustatzaileek: 2032. urterako, ekoizpen guztia bertako sagarrekin egitea. Aurten, hiru milioi litro sagardo ekoitzi dira Euskal Sagardoa sor-markarekin.

Edariaren balio erantsia areagotzea eta kalitatean oinarritzea da sor-markaren azken helburua, produktua apur bat garestiago saldu eta sektorea duindu ahal izateko. Zapiain sagardotegiko Miguel Zapiainek hala azaldu du: «Euskal Sagardoa sor-marka da gure aukera bakarra jendeak kalitateari dagokion balioa eman diezaioneta pixka bat gehiago ordaintzea onar dezan».

Euskal Sagardoa markara bideratutako ekoizpena 48 sagardogilek egiten dute gaur egun: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko bostek eta Arabako bik. Duela bi urte gehitu ziren azkenak. Sor-markak sortu zenetik bete duen erronka nagusietako bat sektorea batu izana da, hiru lurraldeetako ekoizleak zigilu berean elkartu baititu. Euskal Sagardoa markara bideratutako ekoizpena 48 sagardogilek egiten dute gaur egun: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko bostek eta Arabako bik.

Ez da nolanahiko kontua. Sagardotegi askok, oraindik, txotxari esker lortzen dituzte irabazirik gehienak, eta ekoizle batzuek diote botilaren merkatua «gainezka» dagoela. Euskal Sagardoa ez da sagardogileek eta erakundeek kalitatearen alde egin duten lehen apustua. Lehendik martxan zen Gorenak marka, baina Euskal Sagardoa sortu zenetik Eusko Jaurlaritzaren menpeko Hazi fundazioak kudeatzen du. Zigilu horretan, ordea, bertako eta kanpoko sagarra erabiltzen dute ekoizleek, eta asmoa da pixkanaka guztiak Euskal Sagardoa ekoiztera igarotzea.

Hedapena Euskal Herrira

Etorkizunean, litekeena da Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ekoizleak ere jatorri izenera gehitzea, baina muga administratiboek ez dute errazten bide hori. Euskal Sagardoa sor-marka publikoa da, eta Eusko Jaurlaritza da hura kudeatzen duena. Nafarroako ekoizleak sartuko balira, bi autonomia erkidegotako ekoizleak bilduko lituzke eta, ondorioz, Espainiako Elikadura Ministerioa bihurtuko litzateke arautzailea. Ez Eusko Jaurlaritza, ez Nafarroako Gobernua.

Are eta konplexuagoa litzateke Ipar Euskal Herriko ekoizleek sartu nahiko balute. Orduan, bi herrialdetan banatutako jatorri izena litzateke Euskal Sagardoa, eta Bruselak arautu beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.