Nola antolatu greba feminista

'Mugimendu eta greba feministak Euskal Herrian' mahai inguruak eman dio hasiera 'online' egiten ari den MarxFem konferentziari. Gaur eta bihar ere segituko du hausnarketak.

Ezkerretik eskuinera, Lujanbio, Aranbarri, Etxebarrieta, Letona eta Roco, atzoko saioan. JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Marxismo Feminismoaren Nazioarteko IV. Konferentzia. 2015ean egin zen estreinako aldiz, Berlinen; Vienan eta Suedian egin zituzten hurrengoak, eta Euskal Herriak hartu du laugarrena antolatzeko ardura; azkenean, pandemiaren ondorioz, online egingo dituzte jarduera gehienak. Atzo, hasiera ekitaldiaren ondoren, Mugimendu eta greba feministak Euskal Herrian mahai inguruak ekin zion hiru egun iraungo dituen gogoetari. Oihana Etxebarrieta aritu zen moderatzaile, eta lau hizlarik osatu zuten mahaia: Lore Lujanbio mugimendu feministako kideak, Aitziber Aranberri zahar etxeetako langile eta ELAko kideak, Iratxe Letona Aiaraldeko (Araba) mugimendu feministako kideak, eta Josefina Roco Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeko partaideak. Bakoitzak bere esparrutik jardun zuen greba feministen antolakuntzaren inguruan, eta bereziki nabarmendu zituzten 2018 eta 2019. urteetako lanuzteak. Galdera bat egin zien Etxebarrietak: «Patronala etxean dagoenean, nola antolatu greba?»

Martxoaren 8ko greben antolakuntzaz mintzatzean, lanuztearen bi alderdi azaleratu zituen Lujanbiok: «Ordaindutako lanean, garrantzitsua izan zen jada antolatuta zeuden emakume taldeekin aliantzak egitea. Ordaindu gabeko lanean, ordea, garrantzia eman genion emakumeok egin ohi dugun zaintza lana ikusarazi eta zalantzan jartzeari». Adierazi zuenez, greba feminista batek «bizitzako arlo guztiak politizatzea» dakar, «ezinbestean».

Aliantzak nola egin «betiko subjektu normatiboak» ez gailentzeko; hori izan zen greba antolatzean mugimendu feministak izan zituen erronketako bat. Lujanbiok azaldu zuenez, kolektibo batzuek ez zuten onartu mugimendu feministak «gidaritza» hartzea: «Greba batean protagonista ez izateak ez du esan nahi ez dutenik zereginik greba horretan». Nabarmendu du gizonek zuten rola, esaterako, zaintza lanak egitea zela.

Hain zuzen, lan horiez aritu zen Aitziber Aranbarri. Esan zuenez, sektore horretan baldintzak «oso kaskarrak» izateaz gain, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala ere nabarmena da: «Gaur egungo zaintza sistema posible da emakumeak baldintza prekarioetan lanean dituztelako, eta zahar etxeetako adinekoak baldintza txarretan». Baldintzok salatzeko 253 greba egun daramatzate Gipuzkoako egoitzetako langileek —gaur ere lanuztea egingo dute—. «Konturatu gara borroka sindikal feminista egiten gabiltzala». Hala ere, ohartu dira emakumeek egiten dituzten grebek ez daukatela gizonenek bezainbesteko oihartzunik: «Badirudi edukiontzi bat erretzea eraginkorragoa dela emakumeok egiten ditugun grebak baino». Horrez gain, zahar etxeetako langileen borrokaren gaineko «diskurtso paternalistak» ere salatu zituen: «Ematen du ez dugula gaitasunik ez zilegitasunik gure borroka egiteko».

Iratxe Letonak, berriz, Aiaraldeko industria arloko borrokez hitz egin zuen, batez ere Tubacexeko langileen inguruan. Eskualdeko mugimendu feministak greba babestea erabaki zuen: «Ezin genuen beste alde batera begiratu». Martxoaren 8an pikete feminista bat egitea proposatu zieten enpresako andreei, eta eztabaida sendoa azaleratu zen: «Emakumeena soilik izango zen pikete bat egitea aukera ona zen haien egoera ikusarazteko, baina grebalari batzuei arrotza egiten zitzaien. Kolektibo oso baten alde borrokan ari zirela sentitzen zuten, eta ez zuten lankideengandik aldendu nahi». Pikete feminista egin zuten azkenean, baina gizonekin batera. «Emakumeak eseri ziren lurrean, lehen lerroan, eta gizonak zutik geratu ziren atzean». Azkenean, ordura arte lortu ez zutena posible izan zen: «Eskirolen autobusak eta poliziek atzera egin zuten».

Azkenik, Josefina Rocok etxeko langile etorkinen ikuspuntua ekarri zuen hitzaldira. Etxekotu Gabeko Emakume Langileak kolektiboak Martxoaren 8ko greba antolatzeko egin zuen prozesuaz aritu zen, eta, nabarmendu zuenez, greba bera garrantzitsua izan zen arren, hura antolatzeko prozesua are aberasgarriagoa izan zen. Lau «hipotesi» garatu zituzten bidean: batetik, beren burua «definitu» beharra ikusi zuten; ondoren, egiten zutena «nola eta zertarako» egin argitu behar zuten, eta aurrerapauso berriak egin, «beldurrik gabe»; azkenik, «apurketak eta beste batzuengana irekitzea» ere landu beharra zegoen. «Euskal Herrian, azken hamar urteetan mugimendu feministak ahalegin bat egin du beste subjektu batzuei ateak irekitzeko». Bideari begira, grebetan bildutako indarra baliatzeko deia egin zuen: «Amorrua eraldaketarako motorra izan dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.