Asaldurarik ez da sortu

Urte berria ospatu eta jaioterritik Euskal Herrira itzulitako txinatarrek galdetu dute ea berrogeialdia egin behar duten koronabirusa dela eta. Jaurlaritzak erantzun die ez dela beharrezkoa.

Mutiloagoitiko (Nafarroa) taberna bateko jabeak jatorriz txinatarrak dira. Berrogeialdia egin dute. JESUS DIGES / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Txinatarren Urteberri eguna ospatzetik jaioterritik Euskal Herrira bueltatu zirenean —urtarrilaren 25ean izan da aurten—, koronabirusa dela-eta bi asteko berrogeialdia egitea erabaki zuten Mutiloagoitiko (Nafarroa) taberna baten jabeek. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bi aste behar dira, gehienez, birusa inkubatzeko. Beraz, ugazaba txinatarrek lokala itxita eduki zuten hilaren 3tik 17ra. Jakinarazi zutenez, «segurtasunagatik» hartu zuten erabakia. Xinjie Chen Euskadiko Txinatarren Elkarteko kideak, ordea, «xelebre» deitu die hori egin zutenei. «Gehiegikeria bat da. Gu nahiko lasai gaude. Gure artean ez da sortu asaldura nabarmenik».

Txinak Espainian duen enbaxadak gertatzen ari denari buruzko informazioa helarazten die, Chenek azaldu duenez. Elkarteak, gainera, beste bide bat ere ibili du krisiaren aurrean nola jokatu jakiteko. «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari galdetu genion ea neurriren bat hartu behar zen, eta esan zigun ez zela beharrezkoa berrogeialdia egitea». Txosten hori txinerara itzuli zuten, eta, sare sozialen bidez, txinatarren komunitatean zabaldu zuten. «Berrogeialdia boluntarioki egin dute batzuek, baina ez zen beharrezkoa». Elkarteak, behintzat, ez zuen gomendatu.

Mutiloagoitiko tabernakoek berrogeialdia egingo zutela iragarri zuten, lokalaren kristal batean hori egiteko arrazoien berri emanez, eta Txinatik Euskal Herrira bueltan ekarri zituen hegaldiko txartelaren kopia erakutsiz. Haiekin harremanetan jarri da BERRIA, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Birusaren hedapena dela-eta nazioartean ezarritako «protokolo guztiak» aintzat hartuta, Euskadiko Txinatarren Elkarteko kideak pentsatzen du «oso-oso zaila» dela gaixotasuna Euskal Herrira heltzea. «Bai, kutsatzea gertatu daiteke, baina kontaktu oso gertukoa eduki behar duzu birusa daukanarekin. Askoz ere zailagoa da osasun ona duen jendea kutsatzea». Chenek onartzen du, halere, jendeak «beldurra» edukitzea.

Birusa iazko abenduan hasi zen Txinako Hubei probintzian hedatzen, eta orduz geroztik 2.500 lagun baino gehiago hil dira, horietako ia gehienak Txinan bertan. Chenek nabarmendu nahi du Euskal Herrian bizi diren txinatarrek Hubeitik «oso urrun» dutela jatorria; hain zuzen, Zhejiang probintzian, herrialdearen ekialdean. «Hubeitik 1.000 kilometro baino gehiagora dago. Hubein kutsatu asko daude, bai, baina beste probintzietan kopurua oso-oso txikia da. Gure probintzian, esaterako, Wuhanetik [Hubeiko hiriburua] urte berria ospatzera joandakoek eragin zituzten».

Chenen aita Txinan dago orain. Urte berria ospatzera joan zen, eta ez da itzuli oraindik. «Hegaldi asko bertan behera utzi dituzte, eta egonaldia luzatzea erabaki du». Harekin maiz hitz egiten du, eta kontatu dio Zhejiangen hartutako neurriak ez direla «gehiegizkoak izan. «Azaldu didanez, bizimodu normal samarra egiten ari dira han. Hori bai, gomendatzen dute jende asko biltzen den tokietara-eta ez joatea».

Xenofobiarik ez dute jasan

Koronabirus kasuak Txinako mugetatik kanpo detektatzen hasi zirenetik, izan dira, mundu osoan, xenofobia eta arrazismoa pairatu dutela salatu duten txinatarrak. Iruñeko Udaleko udalbatzak hirian bizi diren herritar txinatarrei babesa adierazi die. Koronabirusa dela-eta sortutako «asaldura xenofoboaren eta diskriminatzailearen aurrean», joan den otsailaren 18an onartutako adierazpen instituzionalak eskatzen du «elkartasunez» jokatzeko Iruñean bizi diren eta jatorriz txinatarrak diren herritarrekin. Udaltzaingoaren arabera, herritar txinatar bakar batek ere ez du salaketarik jarri xenofobiagatik edo arrazakeriagatik.

Euskadiko Txinatarren Elkarteak ere ez du gisa horretako erasoen berri. «Jendeak ez dio utzi txinatarren dendetara joateari. Guk, behintzat, ez dugu halakorik nabaritu». Jatetxe bat dauka. Nafarroako Txinatarren ElkarteakBERRIAri esan dio ez duela auziarekin loturiko azalpenik eman nahi, baina nabarmendu du jendeak ez duela haiekiko jarrera aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.