Premia biek daukate

Athleticek sendo jarraitu nahi du etxean, goiko postuetan jarraitzeko; Eibarrek, berriz, emaitza bolada txarra eten gura du jaitsiera postuetatik aldentzeko. Gaur San Mamesen jokatuko dute.

Anaitz Arbilla eta Iñaki Williams, lehian, aurreko denboraldian San Mamesen jokatutako derbian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Urteko azken-aurrekoeuskal derbia aztertzen hasiz gero, Athleticen aldeko joera duela ondoriozta daiteke. Zuri-gorriek 26 puntu dituzte; Eibarrek, berriz, hamabost. Athletic Europako postuetan dago, eta Eibar, jaitsieratik bi puntura. Athleticek jokoan egon diren 24 puntuetatik hemeretzi irabazi ditu San Mamesen; Eibarri, berriz, asko kostatzen ari zaio kanpoan puntuak batzea. Baina futbolean orainak balio du. Aurrez egindakoa lagungarria da taldeen gaitasunaren berri izateko, baina ez ditu golak eta puntuak ziurtatzen. Eta zer esanik ez derbietan, ezberdinak baitira. Sarri askotan, premiarik handien duen taldeari uzten dio aho zapore hobea.

Hala ere, lehen itzulia osatzear dagoela, sailkapenak berdegunean ikusitakoa islatzen duela uste du Aritz Solabarrietak (Ondarroa, Bizkaia, 1983). «Hamasei jardunaldi jokatu ondoren, argi esan behar da talde bakoitza dagokion postuan dagoela. Athletic emaitza bikainak ari da eskuratzen; Eibar, berriz, aurreko sasoietan ihes egiten ez zioten partidak ari da galtzen. Bote lasterrean, Alavesen kontrako partida datorkit burura».

Solabarrieta bi taldeen elastikoa jantzitakoa da. Ondarroarra mende hasierako Athleticen haztegiko harribitxietako bat izan zen. Lehen taldearekin debuta egin ostean, Eibarren eman zion segida kirol ibilbideari. Ondo ezagutzen dituen etxe bi dira. Horrezgain, azken urteotan entrenatzaile lanetan dabil. Egun, talde barik dago, baina maletak prest ditu. Athleticek etxean daukan sendotasuna du gustuko. «Oso ondo ikusten dut. Betisen kontra zaplazteko handia hartu zuen, baina etxean indartsu ari da oso. Joko asko ez dauka, baina irabazi egiten du». Eibarren egoera bestelakoa da. Lau porrot kateatu ditu erreskadan, eta taldearen itxura ez da aurreko denboraldiotakoa. «Mendilibarren aroa hasi zenetik boladarik txarrena da. Gainera, derbirako jokalari garrantzitsuak falta ditu. Ea zer egiten duen egoerari buelta emateko».

Solabarrieta arduratuta dago Eibar hartzen ari den norabidearekin. Beheko postuetan egotea zaila da. Asteak luze egiten dira. Gainera, gauzak ondo doazenean gertatzen denaren kontrara,erraz okertzen dira partidak. Kluba osatzen duten guztiak elkartu, eta taldea babesteko garaia dela uste du bizkaitarrak. Haren esanetan, batasunak eta eguneroko lanak emango diote Eibarri aurrera egiteko behar duen indarra, baita lasaitasunak ere. Ez da erabaki okerrak hartzeko unea. «Mendilibar ezbaian jartzea akats handia izango litzateke. Asko eman dio Eibarri. Fitxatutakoekin ez dutela asmatu dirudi. Baina guztiok dakigu Mendilibar nolakoa den. Estimu handia diot. Ea aurrera egiteko gai diren».

Hutsuneak bi taldeetan

Futbolean partida guztiak irabazteko premia izaten dute taldeek. Goian daudenek onenen artean jarraitzea izaten dute xede. Athletic, adibidez, Europan jokatzeko lehian dago sartuta. Zuloan daudenek, berriz, amildegitik begiratzeak ematen duen ikaratik aldentzeko beharra izaten dute. Eibarren kasua da.Baina biek dute hiru puntuen premia.

Gaizka Garitanoren taldea ez da arrisku asko hartzearen aldekoa.Entrenatzailearen apustua izateaz gain, jokalari zuri-gorriek dituzten ezaugarriek eragindako hautua ere bada. Hala ere, etxean ez da atzean sartzen den taldea, eta, sarri, kontrarioak baino indar handiagoa erakusten du. «Hegalak baliatzen ditu, Raul Garciarekin jokatu eta arriskua sortzeko. San Mameseko partidetan jarrera ona eta indar handia dauka».

Eibarrek, berriz, bere entrenatzailearen nortasuna islatzen du zelaian. Mendilibar teknikari ausarta da. Asmatzen duenean ito egiten ditu aurkariak. Baina aurrean egindako presioak pitzadurak izanez gero, salduta geratzen da. Lau porrot kateatu ostean, atzera egiteko tentazioa izan dezakete ausartak diren teknikari gehienek. Baina Solabarrietaren arabera, zaldibartarrak ez dio uko egin arrakasta eman dion jokamoldeari. «Ezin du nortasuna galdu. Gauzak ateratzen ez direnean aldaketak egin behar dira, baina izatea ezin da galdu. Mendilibarren taldeek beti jokatuko dute antzera», nabarmendu du ondarroarrak, «Eibar talde ausarta da. Teknikariak aurreratu egiten du atzeko lerroa. Hori albiste ona izan daiteke Williamsentzat, baina zuri-gorrien aurrelaria kate motzean lotzen badute asko izango dute irabazita», gaineratu du.

Bi taldeek falta izango dituzte jokalari garrantzitsuak. Athleticen Iker Muniain faltako da, Adurizekin eta De Marcosekin batera. Eibarren, berriz, zelai erdiko zutabe bi geratuko dira harmailan: Orellana eta Diop. Talentua eta oreka ematen diote hurrenez hurren talderi. Entrenatzaile biek jokalari horien falta sumatuko duten arren, Athleticek baliabide gehiago dituela uste du Solabarrietak. «Muniain oso ondo ari zen jokatzen lesionatu aurretik, bere sasoirik onenean zegoen. Hala ere, Athleticek haren lekua betetzeko aukera onak ditu. Eibarren zailagoa ikusten dut Diopen eta Orellanaren ordezkoak aurkitzea. Gainera, garai latzetan eskarmentuak asko balio duen zerbait da».

ATHLETIC-EIBAR

ATHLETIC. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Beñat; Williams, Unai Lopez, Cordoba eta Raul Garcia.

Osasuna. Dmitrovic; Correa, Oliveira, Arbilla, Bigas; Pedro

Leon, Escalante, Exposito, Inui; Quique Gonzalez eta Charles.

Epailea. Meloro Lopez.

Lekua. San Mames (53.289 ik.).

Ordua: 18:30 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.