Zurrunbilotik atera ezinik

Alavesek latz sufritu du azken bi sasoietan, eta joera berean ekin dio denboraldi honi. Puntu bat bera ere ez du batu lehen lau partidetan; gaur, Espanyolen zelaian jokatuko du (19:30, La Liga).

Alaveseko jokalariak, burumakur, Osasunaren aurka galdu ostean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Seigarren denboraldia du Alavesek Lehen Mailan. Klubaren ehun urteko historiako arorik arrakastatsuena izaten ari da. Sekula ez ditu eman hainbeste urte segidan onenen artean. Gainera, Espainiako Kopako finalera iritsi zen 2017an, eta Europan sartzeko borrokatu zen 2019an. Oso harro egoteko moduko lorpenak dira. Alabaina, ez dira izan proiektu sendo eta egonkor baten fruitua, unean uneko apustuen emaitza baizik. Hala, beheraldiak ere ugariak izan dira azken sasoietan, eta horietako baten erdian dago orain. Puntu bakar bat ere ez du lortu jokatu dituen lehen lau partidetan, eta okerrena zera da, merezimenduz dagoela esku hutsik: atzean bigun dabil, aurrean kamuts, eta jokatzeko era ez dauka batere garbi. Jokalariek etsipena igortzen dute, Javi Calleja entrenatzaileak baikor eutsi nahi dion arren.

EZ DIRA IZAN ZIRENA

Sendotasuna izan da Alavesen giltzarria onenean izan denean. Defentsako lan eraginkorretik abiatuta lortu izan ditu helburu handiak. Hala gertatu zen Mauricio Pellegrinorekin, orain dela bost denboraldi, baita Abelardo Fernandezen lehen aroan ere. Ordea, apenas berritu duen egitura, eta itoginak agertuz joan dira azkenaldian. Behinola atzeko lerro ia gaindiezina osatu zuten Pachecok, Laguardiak, Ximok, Martinek eta Duartek, baina iraganeko kontuak dira horiek.

Lejeune eta Miazga batu zaizkie orain frantziarrak aurreko denboraldia ere Gasteizen eman zuen, utzita, eta, zelai erdian, Mamadou Loumen esku geratu dira eraiste lanak, Battaglia eta Manu Garcia irten ostean. Bada itogina ez, arrakala agertu zaio Alavesi sasoiaren hastapenean. Datuek ez diote gezurrik: hamar gol egin dizkiote soilik lau partidatan. Eta sentipenak ez dira zifrak baino hobeak, aurkariek ez baitute askoren beharrik izan gasteiztarrak zigortzeko. Osasunak, adibidez, korner bat eta eragotz zitekeen penalti bat baliatu zituen Mendizorrotzan hiru puntu eskuratzeko.

GOL BAKARRA, ETA PENALTIZ

Erasoan ere ageriko gabeziak ditu Alavesek. Kalitate aldetik, Lehen Mailako talderik apalenetako bat du zelai erditik aurrera. Eraberritze handi baten premia sumatzen da, baina agintariek mugatu egin dute fitxaketetara bideraturiko inbertsioa. Beste lehentasun batzuk dituzte. Hala, elitean ia esperientziarik ez duten jokalarien alde egin dute, eta haien ekarpena, oraingoz, oso apala izan da. Soilik Facundo Pellistrik eta Manu Garciak ekarri dituzte argi printzak. Oharkabean igaro dira, ordea, Ivan Martin, Toni Moya, Miguel De la Fuente eta Mamadou Sylla.

Bederen, Joselu taldean dago oraindik. Hari eustea izan da fitxaketarik onena. Aurrelariak sartu du arabarren orain arteko gol bakarra: aurreneko lehian izan zen, Real Madrilen aurka, penaltiz. Hurrengo hiru partidetan, idortea erabatekoa izan da. Aurrelariei ezer gutxi leporatu dakieke; errematean baino gehiago, jokaldien sorkuntzan egon da arazoa. Luis Riojaren barneraldi zorrotzak, eta kito; beste modurik ez dute izan jokoari sakontasuna emateko.

ZALANTZAK ESTILOAREKIN

Garai batean, arabarrek oso garbi zituzten gauzak. Itzulingururik gabeko futbola egiten zuten, trantsizio azkarrak eta geldikako jokoa ahalik eta gehien ustiatuz.Callejak, ordea, sofistikazio handiagoa nahi du. Estiloari ez zion erreparatu aurreko sasoiaren amaieran, iritsi zenean; orduan, taldea galbidetik libratzea zen helburu bakarra. Orain, ostera, joko landuagoa eta ausartagoa egin nahi du: presioa aurreratu, eta baloia luzaroago eduki. Pablo Machinek ere antzeko asmoekin ekin zion aurreko ligari, eta hemezortzi jardunaldi besterik ez zuen iraun Alavesen aulkian. Zaila da halako aldaketa sakonak gauetik goizera egitea. Denbora behar da automatismo zaharrak desegin, eta berriak errotzeko. Horretan dihardu Callejak, baina oraindik ez du sakatu tekla egokia. Eta, anartean, taldea noraezean dabil, ez baitaki oso ondo zer egin behar duen.

KOLPE BAT, ETA AKABO

Azken bi sasoietan izugarri sufritu behar izan du Alavesek mailari eusteko. Konfinamenduaz geroztik, gozatzeko oso aukera gutxi izan dute gasteiztarrek. Salbazioa lortzea beti da pozgarria, baina agonia gehiegizkoa izan da. Bolada txarrek eta teknikari aldaketek lorratza utzi dute jokalarien aldartean. Horren erakusgarri izan dira orain arteko lau norgehiagokak. Lehen, Alaves espezialista zen aurkako markagailuak iraultzen; orain, kontrara, amildu egiten da lehen kolpea hartu orduko. Esaterako, Real Madrili tinko eutsi zion 45 minutuz, baina, aurkariak lehen gola sartu zionean, kasik desagertu egin zen neurketatik. Osasunaren kontra ere, partidatik erabat atera zuen gorritxoek kornerrez eginiko golak. Callejak berebiziko garrantzia eman zion aldarteari derbiaren atarian; bada, orain, inoiz baino gehiago, psikologo onenaren pare jardun beharra dauka.

GARAIZ DABIL ORAINDIK

Arabako taldea hiru asteko etenaren ostean iritsi zen derbira. Jokalariek denbora asko izan zuten buruari bueltak emateko, eta aukerarik ez, ordea, puntuak lortu eta egoera onbideratzeko. Bada, orain bi partida jokatuko dituzte aste berean; aurrenekoa gaur, Espanyolen zelaian. Modurik okerrenean hasi dute liga, baina oraindik badute denbora beren onera itzultzeko. Datu historikoak ere alde dituzte: sasoia lau porrotekin hasi duten hirugarren aldia da, eta beste bietan eutsi egin zioten mailari; azkenekoz, 2017-2018ko denboraldian. Lehen puntuak zazpigarren jardunaldian lortu zituzten orduan, eta arazo handiegirik gabe salbatu ziren azkenean. Hori bai, entrenatzailea hiru aldiz aldatuta. Abisua Callejarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.