Saretuta eta helburuak lortuta, erronkei heltzera

Mugimendu feminista gustura agertu da Martxoaren 8an jendeak erantzun duelako eta, besteak beste, aukera izan duelako mezuak zabaltzeko, «zuriketa morearen» aurka eta antirrazismoari eta antikapitalismoaren inguruan. Egoera aldatzeko, erakundeetan eta gizonengan jarri dute fokua.

Martxoaren 8an antolatutako mobilizazioa, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Oso positiboakopuruz eta kualitatiboki. Balorazio hori egin dute martxoaren 8az mugimendu feministako kideek. Iritzi horretakoa da Carmen Altuna, Donostiako Asanblada Feministako kidea: «Nahiz eta grebara ez deitu, ikusi zen kaleak aldarriz bete zirela, eta argi eta ozen agertu zen aldaketa bat egin behar dela». Bilbo Feminista Saretzen plataformako Leire Grovenek ere bat egin du. Azaldu duenez, zenbakiei begiratuta, Udaltzaingoak esan du 52.000 pertsona inguru egon zirela manifestazioan, eta kualitatiboki ere helburua lortu zutela nabarmendu du: diskurtso, praktika eta antolakuntza feminista erdigunean egotea, «zuriketa morea» saihestea eta hiru ardatz nagusiak argi uztea: antikapitalismoa, mugimendu antirrazista eta askotariko gorputzen eta sexualitateen aldeko apustua. «Arras balorazio positiboa» egin du Ipar Euskal Herriko Asanblada Feministako kide Jenofa Berhokoirigoinek ere. «Ez gara milaka batu, Ipar Euskal Herriko errealitatea kontuan hartu behar delako, baina jendea hurbildu da, eta gu pozik gaude», zehaztu du. Kualitatiboki ere «pozik» agertu da: «Irakurketak, aldarrikapenak eta mezuak zabaltzeko aukera izan dugu».

Elkarrizketatuek «zuriketa morea» izan dute hizpide. «Erakundeei eskatzen diegu zuriketa morea kentzeko, hau da, ez izateko hainbeste hitz polit, eta ekintza baliagarriak egiteko», azaldu du Altunak. Igandean bertan ere izan zuten horrelako egoera bat. Haren hitzetan, Donostiako Udalak lasterketa bat antolatzen utzi zuen, Martxoak 8 izanagatik ere: «Jendeak ez zeukan argi zein zen gure gunea eta zein lasterketarena: beraz, hor ez dira gurekin bat egiten ari». «Zuriketa moreari»aurre egiteko, Grovenek aurreko bi urteetako lana azpimarratu du: «Oso deigarria da politikari guztiek iritzi eta diskurtso bera izatea. Guk maskara hori kentzera behartu nahi genituen grebaren bidez».

Greba deialdia izan zen aurreko bi urteetan, ez aldiz aurtengoan. Altunak aitortu du esaten zietela jendea ez zela hurbilduko, baina kaleak «berdin-berdin» bete direla. Izan ere, Grovenek argi du greba ez dela helburua, bitartekoa baizik, eta egunaren izaeran eragiteko baliagarria dela deritzo. «Ikusi genuen Martxoak 8 jaiegun kutsua hartzen ari zela eta despolitizazio handia zuela».

Erdigunera ez ezik, hirietako auzoetara ere zuzendu dute begirada aurten. Grovenek azaldu duenez, Bilbon hamalau auzotan baino gehiagotan antolatu dituzte ekintzak. «Argi geneukan deszentralizazio lana egin behar genuela, erdigunetik atera eta auzoetara joan, lana hor dagoelako oinarrian», erantsi du. Antzera aritu dira Donostian ere. «Saretzea lortu da. Hori oso garrantzitsua da, egon daitezkeen kezkak gure artean hitz egin ditzakegulako». Iparraldeko leloak ere bat egin du: Ipar Euskal Herria feminismotik saretu. «Beharra sentitzen genuen Ipar Euskal Herriko feministen sarea muntatzeko, elkarrekin antolatzeko, eguneroko gure borrokak indartzeko eta mezua plazetara zabaltzeko», esan du Berhokoirigoinek.

Antolaketa ezinbestekoa da Martxoaren 8rako. «Pentsatu genuen aurten mobilizazioa bestelakoa izango zela: deszentralizazio lanei arreta eman, auzoetan lan egin, bildutako emakumeei lagundu eta gurekin bat egitera gonbidatu...», azaldu du Grovenek. Bilbon, esaterako, batzar irekien bidez antolatu dute eguna, eta, horietan, hainbat lantalde sortu dira: gorputzak eta sexualitatea, antikapitalismoa, antirrazismoa, gazte sarea eta auzoak. «Lana izugarria izan da».

Aurrera begirako erronkak ere zehaztuta dauzkate. Gizarteari zuzendu zaizkio, batetik, eta erakundeei, bestetik. Altunak esan du«zentzu guztietako berdintasuna» eskatzen diotela gizarteari, eta gizonek ere parte hartu behar dutela: «Injustiziaren bat ikusten baduzu, eta pribilegioak dauzkazula gizona izateagatik, eskatzen dugu horiei ezetz esateko eta berdintasuna nahi izateko». Gizonengan jarri du arreta Grovenek ere: «Berdintasun politikek asko erreparatu diete emakumeei, eta badirudi ardura guztia guregan jarri dutela, baina gizonek daukate ardura nagusia». Erakundeei, berriz, «politika feminista erradikalak» eskatu dizkie, baita horretarako baliabideak ere: «Benetako apustu bat egongo balitz, inbertsioa askoz ere handiagoa izango litzateke». Berhokoirigoinen hitzetan, Iparraldean erakundeei esan nahi diete dena dagoela egiteko eta aldatzeko. «Helburua handia da, eta gu, nahiko txikiak».

Emakundek zorionak

Emakundek ohar bidez zoriondu ditu mugimendu feminista eta haien aldarrikapenei babesa adierazi dietenak, antolatutako mobilizazioengatik eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko eta berdintasunezko gizarte bat aldarrikatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.