Realak hutsune inportanteekin egingo dio aurre Atleticori

mikel rodriguez
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lan zaila izanen du gaur Realak Espainiako Lehen Mailako 22. jardunaldian, Atletico Madrilen zelaian jokatuko baitu (18:00, Gol). Madrildarrak bigarren dira sailkapenean, eta partida bakarra galdu dute sasoi honetan —hirugarren jardunaldian, Bartzelonaren etxean—. Gainera, Alcala de Henaresen jokatu dituzten hamar partidetan bi taldek baino ez dute lortu puntuak urratzea: Bartzelonak eta Athleticek, berdinketa banarekin. Arrazoi horiengatik bakarrik lan gaitza dute txuri-urdinek, baina, gainera, jokalari garrantzitsu batzuk falta dituzte: Kiana Palacios Mexikoko selekzioarekin jokatzera joan baita, Barbara Latorre min hartuta baitago, eta Iraia Iparragirre, berriz, zigortuta.

Horien guztien zerrendara Nahikari Garcia ere batuko ote zen ikusteko zegoen, min hartuta izan baita. Gonzalo Arkonada entrenatzaileak erabaki du urnietarra deialdian sartzea. Txuri-urdinek ligako azken bi partidetan lortu dute azken hilabete honetako mina arintzea, Espainiako Superkopako finala, Espainiako Kopako final-zortzirenak eta Athleticen aurkako derbia galdu ondoren. Gaur ezustekoa emanez gero, bultzada handia hartuko lukete. Lehen itzulian Atletico Madril erraz nagusitu zen Zubietan, 1-4.

Athletic, azkenaren aurka

Lehen Mailako bertze euskal taldeak, berriz, dezentez partida gozoagoa du gaur, printzipioz. Athleticek Espanyol azken sailkatua hartuko du Lezaman (18:00). Kataluniarrek ez dute norgehiagokarik irabazi sasoi honetan, eta hogei partidetatik lau berdintzea bertzerik ez dute lortu. Duela bortz jardunaldi erdietsi zuten azken puntua, etxetik kanpo Valentziarekin berdinduta (1-1). Athleticen egoera, berriz, bertzelakoa da. Kopako finalerdietara sailkatu berri, ligan bortzgarren tokian, eta azken lau partidak galdu gabe. Hala ere, Angel Villacampa entrenatzailea ez da fio: «Mantentzeko puntuen bila etorriko da, hor behean zuzeneko norgehiagokak baitaude jardunaldi honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.