Sexua, soldata aldeen ardatz

Ados daude sindikatuak: ez da kasualitatea batez ere emakumeak dauden arloetan egotea soldatarik apalenak. COVID-19ak agerian jarri du, ordea, lan horietako asko ezinbestekoak direla.

Miren Garate.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Soldata batzuetatik besteetara dauden aldeei buruzko hizketaldian, etengabe ateratzen da generoaren aldagaia negoziazio kolektiboko arduradunen azalpenetan. «Autokritika egin beharrean gaude. Langileak antolatzeko orduan, edo aldarrikapen zentralak markatzeko orduan, genero kontua ez dugu behar bezala landu izan», aitortu du ELAko Pello Igeregik. Autokritika horren ondorio gisa, uste du emakumeak protagonista diren esparruetan negoziazio kolektiboa beste puntu batean jartzea lortu dela, eta askoz ere exijenteagoak direla orain. «Guk azken urteotan izan ditugun gatazka garrantzitsuenak emakumea protagonista den sektoreetan izan dira: zahar egoitzetan, garbiketan...».

Euskadiko CCOOko Garbiñe Espejoren iritziz ere, soldatak gaur egun diren bezalakoak izatearen eragile nagusia «patriarkatua» da. «Emakumearen soldata etxeko soldataren osagarritzat jo izan da beti, eta historikoki inoiz ez da ikusi emakumearen eskulana gizonaren eskulanaren pare». Haren iritziz, hori da sektore feminizatuetan soldatak txikiagoak izatearen arrazoietako bat. «Sektore maskulinizatuetan ere badaude emakumeak, adibidez metaleko enpresetan, baina zer gertatzen da? Horietan ere emakumeak kokatu gaituztela baliorik txikiena ematen zaien kategoria eta lanpostuetan». Hori guztia ere soldata arrakalaren parte dela gaineratu du. «Berdintasun planak behar-beharrezkoak ditugu: giltza dira soldata igoera guztietarako. 'Negoziazio kolektiboa hizki larrietan' esaten diot nik: sektoreko hitzarmenak, ahal denean enpresako hitzarmenen bidez hobetu horiek, eta berdintasun planak aintzat hartuta egin negoziazioak».

Soldata aldetik bidegabeak diren arlo batzuk aipatzeko eskatuta, lehenik eta behin zaintzaren ingurukoak aukeratu ditu LABeko Xabier Ugartemendiak, hala nola zahar etxeak, etxez etxeko laguntza eta hezkuntzaren inguruko jarduerak. «Kontuan hartzekoa da gehienak pribatizatuta daudela». Bigarrenik, administrazioaren zerbitzuak bermatzen dituzten azpikontratatutako sektoreak aipatu ditu, esaterako,anbulantziak, garbiketa eta kirol jarduerak. Azkenik, jarduera pribatuak izan arren, funtsezkoak direnak, tartean supermerkatuak eta farmaziak. «Ez da kasualitatea emakumeakizatea nagusi horietan».

Gauza asko jarri ditu agerian koronabirusak, eta, tartean, lan batzuk ezinbestekoak direla ikusi da. Era berean, ikusi da funtsezkotasun hori ez dela aintzat hartzen soldatetan, alarma egoeran ere lanean jarraitu duten horietako askok batez besteko soldata baino gutxiago kobratzen baitute. «Guretzat guztiz bidegabea da oinarrizkoa izendatu den jarduera bateko langileek lan baldintza prekarioak izatea», adierazi du LABeko ordezkariak. Hala, oinarrizkotzat jo diren zerbitzu horiek publifikatu egin behar direla uste du sindikatuak. «Patronalak du gaur egungo egoeraren ardura nagusia, prekaritatearen aldeko hautua egiten duelako, baina administrazioak ere bai, pribatizazio eta azpikontratazioa lehenetsi dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.