Sendagairik onena hartu du

Kirolbet Baskoniak 64-72 hartu du mendean Izar gorria. Nick Stauskasek 19 puntu sartu ditu, eta Tornike Xengelia kapitainak, berriz, 22

Sergi Garcia baloiarekin, aurrean Charles Jenkis duela. ANDREJ CUKIC / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Duela astebete Anadolu Efesen aurka etxean 25 puntuz galdu eta gero, Baskonia ZIU zainketa intentsiboetako unitatean zegoen. Arimarik gabeko taldea zen, eta Velimir Perasovicen etorkizuna airean zegoen. Baina igandean Joventuti puntu bakar batez irabazi, eta atzo Izar Gorria mendean hartu eta gero (64-72), plantan dago gaixoa. Erietxean segitzen du, baina gutxienez plantan dago. Horretarako, sendagaia bi garaipenak izan dira. Hala, Euroligako ligaxkako zortzigarren postu preziatu horretara gerturatu da, eta bide batez garaipen batera aldendu du Izar Gorria, bi taldeak berdinduta baitziren sailkapenean.

Izan ere, partidak irabazteak ematen diote konfiantza edozein talderi, eta horixe da oraintxe Perasovicen taldeak behar duena, sasoiko bigarren krisialdia erabat baztertzeko. Ez zuen joko ikusgarririk egin Baskoniak, baina eraginkor aritu zen, batez ere defentsan. Bai entrenatzaileak, baita jokalariek ere argi dute hobekuntzak hortik ailegatu behar duela, erasoan nahikoa baliabide badituelako partidak aurrera ateratzeko.

Horixe izan zen garaipenaren gakoeta bat. Bestea, Nick Stauskasen eta Tornike Xengeliaren eskumuturra. Biak taldeko saskiratzailerik onenak izan ziren, oraingoan ere ez zuten huts egin erasoan. 22 eta 19 puntu sartu zituzten, hurrenez hurren.

Lehen laurdenean, Baskonia sei puntuz zen aurretik: 14-20. Serio jokatu zuen, eta horrek eman zion partidako lehen errenta. Bigarrenean hamarrera handitu zuen abantaila: 22-32. Baina laurden horren azken txapan defentsako errebotea galtzen hasi zen, eta arazoak hasi ziren. Etxekoak suspertu egin ziren, eta 9-0eko partzial batekin, puntu batez atzetik baino ez ziren joan atsedenaldira: 31-32.

Aldagelatik bueltan Stauskas agertzen hasi zen. Zortzi puntu jarraian sartu zituen, eta hor hasi zen hausten neurketa Baskonia, berriro ere abantaila bederatzi puntura emanez. Hirukoetatik erabakigarri izan zen Kanadako hegalekoa, eta duen benetako maila erakutsi zuen.

Laugarren laurdenean 19 puntuz ere egon zen aurretik Baskonia: 45-64. Partida erabakita zirudien. Baina Izar Gorriak, ohikoa duen adorea atera zuen, eta erasoan asmatuz pixkanaka aldea murrizten joan zen.

Baskonia ez zen fio, eta berriro ere lehen laurdenean erakutsitako seriotasuna berreskuratu behar izan zuen defentsan, etxeko taldea ez gerturatzeko, eta berriro ere ZIUra itzuli behar izateko. Hori nahikoa izan zitzaion garaipena Gasteizera ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.