Arrauna. Euskotren liga

Hutsetik gailurrera, fedea 'Arraun' kolpe

Donostiako Parte Zaharreko lau emakumeri arraunerako harra piztu, eta, indar horri tiraka, Arraun Lagunak-ek trainerua atera zuen lehen aldiz 2015ean. Urtebete geroago, lehen bandera irabazi zuen, eta gaur zortzi, Euskotreneko estreinakoa.

Nagore Claramunt eta Amaia Sexmilo Arraun Lagunak-eko arraunlariak,Ondarroan irabazitako banderarekin. J.C.R. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Nagoreren erlojuak esaten duenean bandera gurea dela, gurea da bandera», esan dio Nagore Claramunti (Donostia, 1986) Amaia Sexmilok (1989, Donostia). «Nire erlojuak asko daki», erantzun dio besteak: «Banekien gu ginela irabazleak, erlojuaren aurkako proba izanda bederatzi segundoren aldea erakusten zidalako eskumuturrekoak. Baina esataria nahasi egin zen, eta Getariak irabazi zuela esan zuen. Pozetik negar egitera igaro ginen azkar batean, baina, azkenean, hutsa zuzendu, eta 'Arraun garaile' esan zuen». Orioko kontuak dira, 2016ko uztailaren 16koak, Arrauneko bi arraunlariak Donostiako Parte Zaharreko taberna batean, Orioko balea kanta entzuten ari diren bitartean kontatuak.

Hura izan zuen lehen garaipena Arraunek, trainerua aurrenekoz ureratu eta bigarren denboraldian. Bi urte lehenago, 2014ko iraileko bigarren igandean, Sexmilo Donostiako portuan zen, San Juaneko batelerek lehen aldiz Kontxako Bandera nola jasotzen zuten ikusten: «Lagunak Donostiako itsasontzi ezagun bati begira geunden, eta han ziren arraunlariak, Donostiako martxa entzuten zen bitartean. Orduan pentsatu genuen guk ere nahi genuela hori dena bizi egunen batean», oroitu du Sexmilok. Sentitu, pentsatu eta ekin. Igande hartan bertan hasi ziren arraunlariak biltzen: «Laurok Parte Zaharrekoak gara, eta hantxe bertan hasi ginen galdezka». Lauretako inor ez zen inoiz arraunean aritua. «Eman ziguten Arrauneko entrenatzaileen telefonoa, deitu, eta probatzeko esan ziguten».

Osatzeko lanekin urtero

Ezin, baina, nahi beste arraunlari batu hasieran, eta otsail hasiera arte ez zuten trainerua ureratu: «Ordu pila bat sartu genituen fisikoa lantzen eta teknika ikasten. Zenbateko pazientzia izan zuten gurekin Patxi eta Ekain entrenatzaileek [Patxi Olabe eta Ekain Iriarte]. Uste genuen hainbeste lan eginda ere azkenean ez genuela taldea osatuko, baina beraiek baietz, sinesteko, eta bai osatu ere», kontatu du Sexmilok.

Lehen urte hartan uko egin zioten Kontxan Donostiako traineru moduan aritzeari, «ez geneukalako nahikoa maila». Bigarren denboraldian, ordurako Claramunt ere taldean zela, hiriko estropadan izan ziren, baina une gozo hori baino hilabete batzuk lehenago berriz ere kezketan zeuden taldea osatuko zen edo ez: «Neguan sei arraunlari bakarrik geunden», dio Claramuntek. «Azkenean, jende berria etorri zen, inoiz arraun egin gabea, eta hutsetik hastea bezala izan zen berriz», gehitu du Sexmilok.

Izan zituzten gabeziak 2017ko denboraldia prestatzeko ere, «azken batean Arraunen ohikoa baita horrela ibiltzea», baina arraunlari zailduekin bete zituzten zuloak, eta jauzia egin zuen traineruak: «Sekulakoa izan zen Euskotren ligan lehen aldiz sailkatzea, eta, gogoratzean, negargura etortzen zait oraindik», esan du Claramuntek. «Sasoia biribiltzeko, Kontxako bigarren igandean ohorezko txandan aritzeko aukera irabazi genuen, baina ezin erabat gozatu, erlojuaren aurka aritu behar izan baikenuen», azaldu du Sexmilok.

Garai gozoan zirela, baina, kolpea berriz ere: «Hamabi arraunlarik utzi zuten taldea iaz, eta udazkenik gogorrena izan zen», diote biek: «Jauzia eman nahi, eta ezin», gehitu du Claramuntek. Baina lehen ibilitako jendea berreskuratu, besteren batzuk ere batu, eta hara non, garaipen handia lortu zuten aurreko larunbatean, Euskotren ligako lehendabizikoa, Ondarroan. Askorako balio izan diela dio Sexmilok: «Balio izan digu sinesteko lana eginda emaitzak etortzen direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.