Pastor
DARWIN ETA GU

'Sonderkommando'-ak Europa hotelean

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Maketoa zen Rosa Díez. Hala deitzen omen zieten txikitan hari eta haren etxekoei herrian. Horixe azaldu du emakumeak liburu autobiografiko batean. Ederto, bada.

Bizkaian jaiotako politikari espainolistak ez du ezer ahaztu nahi. Ez du zertan. Norbera librea da bizitzari eta iraganari egokien iruditzen zaion moduan begiratzeko. Hark biktimismoa aukeratu du euskalduntasunaren, abertzaletasunaren kontra. Seguruenik, nazionalista dela ukatuko du Díezek. «Nahikoa dut espainiarra izatearekin», esango du, PPko buru batek egin duen bezala. Eta beraien burua espainiartzat ez dutenak espainiarrak izaten segitzera behartzearekin.

Díezek maketotasuna aldarrikatu egin nahi duela dirudi. Harro. Ordea, badira iraganari ironiaz begiratzen diotenak. «Maketoa naiz eta jarto nago», irakurria dut Twitterreko kontu batean. Akaso Díezena izan zen Bizkaiko familia maketo bakarra? Maketo hitzak jatorriz zekarren odol garbitasunaren exijentziari eutsiz gero, egungo euskal herritar ugari —euskaldun franko ere bai— sartuko ginateke maketoen zakuan. Bizkaiko gehienak, esango nuke. Hala ere, aurrera begira bizi gara. Díez, ostera, antzinako mamuen gatibua da. Gorrotoari lotua dugu. Sor dezala maketoen alderdia bozetan lehiatzeko, ea zer emaitza lortzen duen. Inoiz ez da berandu.

Bada kontu bat, atentzioa eman didana. Egunkari unionista baten arabera, «españoles, iros» esaten omen zieten Díeztarrei herrian. Sinesgaitz gertatzen zait esaldi hori 50 edo 60ko urteetako Bizkaian. Orduan ez zen ohikoa espainiarra hitza irain gisa erabiltzea. Maketoa edo koreanoa ziren berbak. Galde diezaietela kanpotik Bizkaira etorritako 80, 90 urteko herritarrei inoiz «españoles, iros» esan ote zieten. Ez. Katalunian xarnego hitza erabiltzen zen, ez espainiarra. Zergatik? Hitz hori esaten zuten katalan asko artean espainiar sentitzen zirelako. Katalanak, ez andaluziarrak. Eta espainiarrak. «Españoles, iros» hori geroago etorri zen, baina horrek ez du ardura. Españoles jartzeak gehiago saltzen du. Amarillismoa.

Maketoak, koreanoak ziren Bizkaiko berbak. Gipuzkoan beste hitz batzuk zituzten. Irain horiek hitzetik hortzera erabiltzen zituzten euskaldun batzuei emigratzea egokitu zitzaien, baina. Tomates Orlando enpresako langile batzuei Bartzelona aldera joatea proposatu zien nagusiak. Gehiago ordainduko zien Montmeló aldeko fabrika berri batean. «Kataluniara bazoazte, Sonderkommando-ak izango zarete», esan zien. Imaz, Insausti, Otaegi eta antzeko abizenak zituzten familiak Kataluniara joan ziren. Horietako baten alabarekin poz-pozik ibili zen bertako lagun bat, ezkongaietan. Mutilak neskaren aitaren ahotik entzun zuen lehen aldiz mantxuriano hitza: «Donostiarrak Alde Zaharrekoak, Grosekoak eta Antiguakoak gara. Beste guztiak mantxurianoak dira».

Antiguakoa zen gizona. Frankistek haren aita fusilatu zuten. 10-11 urte zituela, Donostiako tenis klubean ibiltzen zen, pilotak biltzen, etxera sos batzuk eramateko. Bermeoko arrantzaleak miresten zituen. Ameriketara Colon baino lehenago heldu zirela esaten zion suhia inoiz izango ez zuen gazteari. Mantxurianoak mespretxatzen zituen, baina bera ere mantxurianoa zen Katalunian. Ez edonolakoa: lehen mailako etorkina, andaluziarrak-eta ez bezalakoa. Haren seme-alabak eta bilobak katalanak dira egun. Katalanez bikain egiten dute. Jakin nahi nuke Díezen ondorengoak zer hizkuntzatan moldatzen diren. Zinez poztuko nintzateke oker egongo banintz.

Euskal langile haien emazteak Granollers-en elkartzen ziren arratsaldero, Europa hoteleko kafetegian ardo bat hartzeko. Langile klasekoak izanik ere, estatus berria zuten, goragoko maila. Erakutsi egin behar. Izan ere, edozeinek ezin zuen egunero baxoerdi bat edan herriko hotel famatuenean. Orduan ez zen emakumerik sartzen tabernetan senarra ondoan izan gabe. Haiek idatzi gabeko arau hori hautsi zuten. Bertako jendeak harrituta begiratzen zien. Asteburuetan Sonderkommando-ak joaten ziren haiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.