Jose Ramon Bilbao
ARGI ALDIAN

Gene bultzada

2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Edozein mutazioren kopia bat duen heterozigotoak %50 probabilitatea dauka ondorengoei pasatzeko. Bi kopiadun homozigotikoak bat transmitituko du beti, baina beste gurasoak mutazio arraro hori ez badu, ondorengoak heterozigotoak izango dira: Mendelen legeak. Orain, mutazioen %100eko transmisio jarraitua ziurtatzeko teknika asmatu dute, aukera eta zalantza ugari sorturik.

Teknika berria, bakterioen defentsan oinarritutako CRISPR edizio genetikorako lanabesaren garapena da. Bakterioen RNA espezifikoek birus bakteriofagoen itu-sekuentziara gidatzen dute Cas9 nukleasa, DNA arrotza apurtzeko. Teorian, laborategian diseinatutako RNA gidari egokiak nahi dugun edozein sekuentzia ezabatu edo eraldatuko luke. Sinplea, merkea eta eraginkorra, terapia genikoan zein organismo transgenikoen sorkuntzan erabilgarria. Ituz kanpoko balizko ondorioek ordea, zuhurtzia gomendatzen dute. Gene drive edo gene bultzada teknika berriak espezieraino darama edizio genetikoa: RNA gidari eraldatuen eraginez, mutazioak kromosoma batetik bestera egiten du jauzi, indibiduoa homozigoto bilakatuta. Ondorengoek, mutazioaren kopiarekin batera, homozigoto bihurtzeko mekanismo hori ere jasoko dute eta populazio osora hedatuko da azkar. Eltxo bakarrean malariaren parasitoaren kontrako mutazioa txertatzea nahikoa litzateke, erresistentzia belaunaldi gutxitan espezie osora zabaltzeko... eta hori hasiera izan daiteke. Jainkoarena egitea arriskutsua dela dio zenbait adituk baina, zer egin dugu orain arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.