Gipuzkoako futbol federazioak «hauspoa» eman nahi dio euskarari

Beñat Larrañaga eta Amaia Balda, atzoko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Futbol Federazioa aitzindaria izango da euskararen arloan, aurreneko aldiz egin baitu Euskararen Plan Estrategikoa. Lau urterako iraupena izango du —2025era arte—, eta erronka nagusia hauxe da: «Eragile ere bagaren aldetik, euskarari hauspoa eman nahi diogu». Horixe nabarmendu zuen atzo aurkezpenean Beñat Larrañagak, federazioko Euskara batzordeko arduradunak eta zuzendaritzako presidenteordeak. Emun aholkularitzarekin batera osatu du plana, eta Amaia Balda kidea ere agerraldian izan zen.

Aurrera begirako gogoeta hau du oinarrian: «Jakitun gara kirolak eta futbolak hizkuntzaren transmisiorako duen garrantziaz, eta, Gipuzkoako Futbol Federazioa gizarte eragile den heinean, haren erreferentzialtasuna, lidergoa eta eredugarritasuna erabili nahi ditugu, euskararen erabilera sustatu eta ahalbidetzeko kanpo eta barne harremanetan, partidetan eta entrenamenduetan».

Lau erronka nagusi finkatu ditu: hizkuntza instituzionala euskara izatea, eta erabileran erreferente eta eredu izatea; klubetan erabilera hori sustatzea eta bultzatzea; partidak euskaraz epaitzeko aukera bermatzea; eta, azkenik, entrenamenduak euskaraz egiteko baliabideak ematea eta horretarako aukerak sortzea.

Urtez urteko ekintza plan bat ere egin dute erronkak betetzeko, eta aurtengoa abian da. Plana diseinatu aurretik, klubei galdetegi bat bidali zieten, eta federazioko langileen eta zuzendaritzako kideen iritziak ere bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.