Koronabirusa

Herrialdeka, kasu berri gehien Bizkaian eta Nafarroan daude

PCR testekin atzemandako kasu berriei begira jarraitzen dute osasun agintariek: 86 izan dira Hegoaldean. Heriotzak hamasei izan dira

arantxa iraola
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Izurriari aurre egiteko itxialdia arintzen ari den honetan, aparteko garrantzia dute datuek gaitzaren eboluzioa zein izan daitekeen argitzeko. PCR proben bidez atzemandako kasu berriei erreparatzen diete, bereziki, osasun agintariek eboluzio horren berri emateko. Atzoko partea, hona: 86 kasu berri atzeman zituzten test horien bitartez Hego Euskal Herriko osasun sistemek. Herrialdeka, bada aldea. Kasu berri gehienak Bizkaian eta Nafarroan detektatu zituzten: 34 izan ziren Bizkaian, 33 Nafarroan, hamar Araban eta bederatzi Gipuzkoan.

Test azkarren bidez atzemandako kasuen berri ere ematen dute, baina ohartarazpena eginda: «Proba horiek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dute, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete». Horien bidez, 343 kasu atzeman ditu azken orduetan Osakidetzak; Osasunbideak, 182.

Denera, datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 1.890 heriotza izan dira COVID-19arekin lotuta: atzo hamasei heriotzaren berri eman zuten. Datuen hobekuntza agerikoa dela nabarmendu dute asteon osasun agintariek. Kasu positiboak, erietxetan dauden pertsonak eta heriotzak, oro har, behera ari direla igaro asteotan. Agintariek «alertaz eta arduraz» jokatzeko eskatu dute, hala ere; prebentzio neurriak ezin dira ahantzi.

Ospitaleetako bisitak

Apurka-apurka, konfinamendua arintzen ari den neurrian, izurria hesitzeko ahaleginetan hartutako hainbat galarazpen bertan behera geratzen ari dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du, esaterako, erietxeetan bisitak jaso ahal izango dituztela COVID-19rik gabeko guneetan dauden pazienteek. Epidemia zabaltzen hasi eta berehala utzi zituzten bertan behera bisita horiek; paziente bakoitzak zer bisita jaso ditzakeen kasuan-kasuan erabakiko dute orain, Osasun sailburu Nekane Murgak atzo esan zuenez. «Pandemiaren unerik gaitzenean hartu behar izan genuen erabakietako bat izan zen», oroitu zuen. Azaldu zuen, hala ere, hainbat «salbuespen» onartu zirela, eta erditzen ari ziren andreentzat, gaixo hil hurrenentzat eta adingabeentzat jarri zituztela baliabideak haiek ez bakarrik egoteko. Horiez aparte, bide «telematikoen» bidez ere hainbat sendiri lagundu diete eriekin kontaktuan egoten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.