Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Kolapsoa

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Vitals dokumentala (HBO) ikusi dudan aste berean iritsi zaizkit uhinetatik Donostia Ospitaleko ZIUko mediku Felix Zubiaren hitzak, Euskadi Irratiko Osasun Etxea-n. Egunkari honetan irakurri nuen bere zutabea, baina are gogorragoa egin zitzaidan bere ahotsa entzutea. Kolapsoa. Tristuraren eta nekearen botoiak sakatu ditugu aldi berean. Testuinguru horretan, Zubiaren eskakizuna bihozbera eta umila iruditu zitzaidan; egoeraren larritasunaz jabetzeko abisu bat, neurriak erabakitzen dituzten arduradunei bereziki zuzendua, baina baita gizabanako bakoitzari ere. Zaindu gaitezen. Zaindu ditzagun zaintzen gaituzten osasungintzako langileak.

Aurreko astean, Catalunya Radioko Fets o Fakes atalarekin egin nuen topo. Hogei minutuz fact-checking delakoa egiten dute, hau da, gertakari jakinak egiaztatzen dituzte inguruko desinformazioaren, gezurren eta manipulazioaren aurrean. Azken saioan, COVID-19aren aurkako txertoari eta hilkortasun datuei buruzko albiste faltsuak aztertu zituzten. Oso erabilgarria iruditu zitzaidan. Albiste faltsuak egunero irensten ditugun garai honetan, oso garrantzitsua da horrelako tresnak eskura izatea. Oro har, ematen dituzten azalpenak oso argiak dira, gainera. Saioa amaituta, ez da zalantza izpirik gelditzen.

Asteazkenean, Radio Euskadiko Iflandia irratsaioan, Daniel Grao eta Carlos Serrano La máquina de Turing antzezlaneko protagonistak gonbidatu zituzten Alan Turingen bizitzari buruz eta haren obrari buruz hitz egiteko. Besteak beste, aipatu zuten matematikaria ezagun egin zela Enigma makinaren mezu konplexuak deskodetu zituelako. Hala, naziek diseinatutako estrategiak ezagutzeko aukera izan zuten aliatuek Bigarren Mundu Gerran.

Ildo horri jarraikiz, Joan Clarke kriptografoaren aipamenaren falta nabaritu nuen, kazetarien aldetik bederen. Jakin badakit antzezlana Turingen biografiaren ingurukoa dela, eta elkarrizketak, hein handi batean, bide hori hartu zuela. Baina Enigma makinari buruzko aipamen xume bat egiten bada, Turingen lanarekin batera Clarkena ere agertu behar da ezinbestean, azken horrek lortu baitzuen etsaien mezuen trafikoa «apurtzea».

Atzean utzi dugu, duela oso gutxi, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko eguna. Eguna joan zaigu, eta, harekin, bistan da, emakumeen ikusgaitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.