Gero eta itzal handiagoa

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hain dira handiak, zaila egiten da zenbait funtsen egiazko neurriaz eta eraginaz jabetzea. Eta gauzak asko aldatzen ez badira, haien tamaina, pisua eta boterea areagotu besterik ez da egingo: handiak erraldoi bilakatuko dira.

BlackRock, Vanguard eta State Street Global Advisors (SSGA) funts kudeatzaileek, «Hiru Handiek», sekulako hazkundea izan dute azken bi hamarkadetan; haiek izan dira funts indexatuen goraldiaren protagonista nagusiak. Munduan azken hamar urteetan inbertsio funtsetara joan den diruaren %80 hiru kudeatzaile horietara joan da, eta jarioa bizkortu egin da azken bost urteetan, Harvardeko Lege Eskolak orain gutxi plazaratutako ikerketa baten arabera (The Specter of the Giant Three. Lucian A.Bebchuk eta Scott Hirst).

Horren guztiaren ondorioa ikus daiteke, adibidez, Standard & Poor's 500 burtsa indizeari begira. S&P 500ak AEBetako 500 enpresa handienak hartzen ditu aintzat, merkatuetan duten kapitalizazio pisuaren arabera; eta, adituen ustez,AEBetako akzioen merkatua ondoena islatzen duen indizea da. Bada, 2017. urtean, Hiru Handiek batera S&P 500 indizeko enpresetako akzioen %20tik gora zituzten.

Pastelaren zatia are handiagoa da boto eskubidea duten akzioen kopurua aintzat hartzen bada. Blackrock, Vanguard eta State Street funtsek batera S&P 500ko boto eskubideen %25etik gora zituzten duela bi urte. Boto eskubidedun akzioen %8,7 BlackRockenak ziren, %11,1 Vanguardena, eta %5,6 SSGArena.

Egungo joerak eteten ez badira —funtsen kontzentrazioa, adibidez—, Harvardeko txostenean kalkulatu dute ezen, bi hamarkada barru, S&P 500eko enpresen akzioen herenak (%33,44) eta boto eskubideen %40tik gora egongo direla Hiru Handien eskuetan.

Funts kudeatzaile handiek etorkizunean izan dezaketen itzal izugarriari buruzko iragarpena susmagarria ez den beste norbaitek ere egin zuen: funts indexatuen eta Vanguard funtsaren sortzaile Jack Boglek.

Urtarrilean hil zen Bogle, 89 urterekin, baina aurretik, abenduan, hauxe esan zuen The Wall Street Journal-en plazaratutako iritzi artikuluan: «Denbora kontua da indexatutako funtsek enpresen jabetzaren %50en marka gainditzea. Hori gertatuko balitz, Hiru Handiek AEBetako balio merkatuaren kontrolaren (botoen) herena baino gehiago izango lukete. Ez dut uste halako kontzentrazioa baliagarria denik interes nazionalerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.